Kaixo!
Nora Salegui
Pérez naiz, 18 urte ditut eta Deban bizi naiz. Lehen Hezkuntzako gradua ikasten
ari naiz eta bihar nire lehenengo praktikak hasiko ditut Luzaro eskolan.
Biharko eguna,
urriak 14, iristeko irrikatan nago. Iraganera begiratuz gero, nork pentsatuko
luke urte batzuk pasa ondoren, nire haurtzaroko eskolan burutuko nituzkeela
nire lehenengo praktikak, orain arte izan dudan irakasle onenarekin berriro ere
elkartu eta elkarrekin lanean arituko ginela, nork esango luke… Baina
astelehena iristeko desiratzen nago, txikia nintzenean bezalaxe,
iratzargailuaren soinua entzun, gosaldu, jantzi eta eskolara joan besterik ez
dut nahi.
Ikasgela batean
irakasle rola izango dudan lehen aldia izango da, nik bizitakoa ikuspuntu
guztiz ezberdinetik ikusteko ordua heldu da, unibertsitatean ikasitakoa
praktikan jarriko dut eta ikasgelan bizitzen den aniztasuna kanpotik sentitu
ahal izango dut.
Nire haurtzaroko
momenturik politenak bertan pasa ditut, eskolan, bai lagunekin eta bai
irakasleekin ere; nire nortasuna eraikitzen lagundu dit eta ez nintzateke inoiz
orain naizen bezalakoa izango haurtzaroko eskola-garai xelebre baina eder
horiengatik izan ez balitz. Momentu txarrak ere bizi izan ditut, baina
bizitzaren xarma hori dela uste dut, nire irakasleak esaten zuen moduan, “bizitza
ez da arrosa kolorekoa, eta sentimenduak ortzadarraren koloreetan garatzen dira”;
poztasuna, tristura, nekea, damua, ilusioa…
Primeran
gogoratzen ditut nire haurtzaroko eskola garaiak, 5 eta 6.mailak adibidez, bai
izaeran eta bai ikasterako orduan ere aldaketa onuragarriak besterik ez
zizkidan ekarri, eta hau guztia Joseba irakasleari zor diot, orain arte izan
dudan irakaslerik onena baita. Berak erakutsi zidan niregan konfiantza izaten, berak
ulertarazi zidan benetan baliotsuak diren gauzak miresten, eta nola ez,
berarekin ikasten ikasi nuen. 2.maila
berriz, irakaslearen ondorioz, inoiz pasa dudan kurtsorik gogorrena izan zen.
Gurasoek eskolara joateko esnatzen nindutenean, etxean gelditu nahi nuela
esaten nien, ez nuen eskolara joan nahi, ez nuen irakaslea ikusi nahi… Baina momentu
txarrak ere pasatu egiten dira, eta azken finean, esperientzia txar horretatik
gauza asko ikasi nituen, oso gaztea izan arren.
Ziur nago bost
aste hauetan ortzadarraren kolore guztietara iritsiko naizela, eta espero ez
ditudan amaika gertakizun biziko ditudala; baina horregatik, urriak 14 iristeko
irrikatan nago.

No hay comentarios:
Publicar un comentario