Mostrando entradas con la etiqueta #NoraSalegui. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta #NoraSalegui. Mostrar todas las entradas

viernes, 15 de noviembre de 2019

PRAKTIKALDIA AGURTZEKO ORDUA


Bost aste hauek izugarriak izan dira niretzako, praktiketako irakasleez ezik, pertsona bezala ere bete nautelako. Hasieran, urduritasuna zen nire gorputzean agintzen zuen sentimendua, gutxi bainekien bertan burutu beharreko funtzioei buruz. Hala ere, bigarren egunerako, irrikak urduritasuna ordezkatu zuen. Zorte handia izan dut bi tutoreekin, lehen momentutik oso ondo konektatu baitugu eta une oro niri laguntzeko prest azaldu dira.

Ikasleekin ere azkar konektatu dut, batzuekin beste batzuekin baino azkarrago, logikoa den bezala; baina denbora aurrera joan den heinean, guztiak zoragarriak direla konturatu naiz. Haur bakoitzak gauza pila irakatsi didate. Haur bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak bizitzeko era ezberdina du; baina beraien mundu horiek izan dira nire lehen praktiketako esperientzia osatu dutenak.

Praktika garaian ikasitako ezaugarri garrantzitsuenetiko bat, ikasgelako egoera erosoa izan behar duela da, hala, egoera sozio-afektibo egokia egonda, ematen den garapen kognitiboa zuzenagoa izango da. Izan ere, eskola leku erakargarriagotzat eta ikastea ekintza errazagotzat hartzen dute.

Resultado de imagen de abrazos alumnosBizipenei dagokienez, denetik bizi dudala esan dezaket, momentu onak zein zailtasunezko momentuak. Baina gertakizun zailek ematen dizuten esperientzia ez da inondik inora ere momentu onek ematen duten bezalakoa, guztiak dakar ikaskuntza, eta ni horrekin geratzen naiz, etorkizunean balioko didaten bizipenekin hain zuzen.

Azken egunak gogorrak egin zaizkit, lehen esperientzia hau berezia izango zela jakin arren, ez nekien hainbesterako izango zenik. Baina hemendik ateratzen dudan ondorioa positiboa da benetan, asko ikasi dudalako eta bost aste zoragarri izan direlako. Geroz eta argiago dut irakaslea izan nahi dudala, haur batentzat bere heziketan zein berezia izatera iritsi zaitezkeen jakitea arro sentiarazten nau. Lanbide honetan pausu txikienak ere handi bilakatu daitezke. 


Azken eguneko ospakizuna

viernes, 8 de noviembre de 2019

PROIEKTUAK


Arratsalde on,

Tira, jadanik igaro da laugarren astea ere, zer azkar pasatzen den denbora gustuko duzuna egiten ari zarenean… Aste bakarra besterik ez da falta praktikaldi hau bukatutzat emateko, eta egunak joan, egunak etorri gauza berriak ikasten ari naiz, eta oraingo honetan aurretik behatu ez ditudan proiektuak aztertzeko zeregina egokitu zaigu. 

LH2. mailako gela batean nagoen heinean, bertako irakasleei proiektuei buruz galdetzen jardun dut, eta hauek lantzen dituztela aipatu didate: STEAM (zientzia-hezkuntza), ikasketa kooperatiboan oinarritutako metodologia eta BIZIKASI ekimena. Horrez gain, jakinaren gainean nago ikastetxeak beste hainbat proiektu ere sustatzen dituela, besteak beste, Agenda 21, Irakurketa plana eta Elkarbizitza.

https://img-cdn.hipertextual.com/files/2014/04/steam.jpg?strip=all&lossy=1&quality=57&resize=740%2C490&ssl=1STEAM, Science, Technology,  Engineering, Art y Mathematics diziplinak identifikatzen dituzten siglak dira, eta ikasleen arteko bokazio zientifiko-teknologikoaren sustapenean eta orientazioan oinarritutako proiektua da. Helburu nagusia, hezkuntza zientifikoa bultzatzea da eta horretarako, metodo zientifikoan oinarritutako esperimentazioa baliatzen dute Luzaro eskolako irakasleek. Metodo zientifikoa, zientzietan jakintza berriak eskuratzeko erabiltzen diren pausu multzoa da, baina astean zehar behatu ondoren, aurretik esan dudan moduan, nire tutoreak jarraitzen dituen pausuak esperimentazioan dute oinarria. Hau da, behaketaren ondoren formulatutako hipotesia esperimentazioaren bidez frogatzea, hain zuzen. 

Beste alde batetik, ikasketa kooperatiboan oinarritutako metodologia ere sustatzen da, helburu nagusia, zeregin akademikoak ebazteko orduan koordinatutako elkarlana bultzatu eta ikasleen ikasketan sakontzea da. Hau aurrera eramateko, ikasgelan A eremua jorratzen dute, hau da,  talde kohesioari lotutako jarduna. Bigarren sarreran aipatu nuen moduan, ikasleak lauko taldeetan eserita daudela aprobetxatuz, ikasle bakoitzari, talde-lana sustatzeko betebehar bat ematen zaio: bozeramaile, idazkaria eta materialaren eta isiltasunaren arduraduna. Rol hauek astero aldatuz doaz eta ostirala heltzen denean, ebaluaketa bat egiten dute.

Bizikasi proiektuari dagokionez, eskola jazarpenaren aurkako eta elkarbizitza positiborako ekimena da. Helburua, konstruktu bat sortzea da, eskola-jazarpenari modu sistematikoan eta hezkuntzaren bidez aurre egiteko, eta elkarbizitza positiborako dinamikak sustatuko dira, edozein indarkeria mota agertzea ekidite aldera.

Azkenik, hain ospetsua den Agenda 21 proiektua ere martxan dago. LH1etik LH6rako ikasleak (gela bakoitzeko ordezkaria) bilera batean biltzen dira. Bilera horretan, gai ezberdinei buruz hitz egiten dute eta ondoren ordezkari hauek gainontzeko ikaskideei helarazten die kontatutakoa. Horrez gain, astero gai honi buruzko asmakizun bat idazten dute eskolako sarreran eta ikasle bakoitzak erantzuna kaxa batean sartuko du, bertatik papertxo bat atera eta egokia bada, ikaslea saritua izango da.