sábado, 16 de noviembre de 2019

PRAKTIKALDIEN AMAIERA

     Praktikaldiak agurtzeko unea uste baino azkarrago iritsi da. Haiei hasiera eman genien eguna gogoan dut oraindik, hura bai urduritasunez beteriko eguna. Gelara sartu orduko 17 haurren begiak zuzen-zuzenean niri begira somatzen nituen, nor ote nintzen jakiteko irrikaz. Nire burua aurkeztu eta lehenengo egunetik esku-zabalik hartu ninduten. Haiei esker urduritasunak jada ez zuen lekurik nire gorputzean, alaitasunak eta beste hainbat setimendu deskriba ezinek lekua kendu baitzioten. Esan beharra daukat, tutore eta irakasleek ere oso ondo zaindu eta lagundu nautela eta haiek gabe esperientzia hau ez litzatekeela berdina izango. 

    Ohikoa den moduan, 5 aste hauetako bizipenak denetarikoak izan dira, batzuk oso positiboak eta besteak ez hain positiboak. Baina azkenean, bizipen positiboez gain, ez hain postibo horiei esker ere pila bat ikasi dut. Azken finean, ikasgela batean guztiok pertsonak gara eta gutariko bakoitza mundu bat da. Horregatik, batzuetan haserreak, istiluak eta borrokak sortuko dira baina egoera horiei buelta ematen ere ikasi egin behar dugu, bizitza ez baita guk uste bezain erraza. Egoera horiei buelta ematen jakitea ere bada irakasle txukun bat izateko bidea, beraz, bizipen guzti horiei esker ikasi dudana beti eramango dut gogoan. 

    Aipatu nahi dut, bizipen guztietatik bat aukeratu beharko banu, azkenengo eguna aukeratuko nuela. Egia da, oso egun gogorra izan zela, izan ere, agurrak beti izaten dira zailak, eta gehiago agurtu behar dituzun horiek zure esperientzia ahaztezin eta oso berezi baten parte izan direnean. Nahiz eta 5 aste soilik izan, uste nuena baino harreman estuagoa sortu da haurren eta nire artean eta hori izan da hain zuzen, haiek agurtzea une gogorra bilakatu duen arrazoia. Baina aldi berean, oso momentu polita izan zela esan beharra daukat, haur guztiak une batez haien arteko gatazkak alde batera utzi eta bat egin baitzuten ni agurtzeko. Marrazki mordoska bat eman zizkidaten beraietaz ez ahazteko esanaz eta aitortu bezala, ez ditut inoiz ahaztuko, nire bizipen ahaztezin baten parte bilakatu baitira.


     Aipatu dudan guztiari esker oso argi daukat irakasle izan nahi dudala. Badakit oraindik asko gelditzen zaidala ikasteko, baina irakasle izatera iristeko bidea hasi besterik ez da egin. Lehenengo esperientzia honek irakasle eta pertsona bezala hazteko eta gehiago ikasteko aukera eman dit eta aukera hori behar bezala aprobetxatzeko gai izan naizela uste dut. Aste hauetan bizi izan dudan guztia etorkizunean aplikatzea litzateke irakasle txukun bat izatera heltzeko bidea, beraz, 5 aste hauetan ikasi dudana oinarritzat harturik, haren gainean apurka-apurka eraikitzen joango naiz etorkizun batean errealitate bihurtzea espero dudan ametsa. 


PRAKTIKALDIA AMAITU DA


Urriaren 14an hasi zen abentura berri hau, barruan daukagun irakaslea atera eta ikasgela batean nola moldatzen garen ikusteko aukera, hilabete (bost aste) iraungo zituena. Hasi baino lehenagoko egunetan, beldur pixka bat nabari zen nire barruan, posibilitate txiki bat baitzegoen esperientzia hau ez gustatzea. Baina, beldur horiek alferrik etorri ziren, izan ere, oso pozik nago bizitako esperientzia honekin, zoragarria izan da: Eskolak emateko metodologia berri bat ezagutu dut (asko gustatu zaidana, eta irakasle izatean halakoa edo antzerako metodologia batekin lan egitea gustatuko litzaidake), ume hain txikiekin lan egitearen abantailak eta baita desabantailak (pare bat) ere ikusi ditut.

San Andres eskolan bost aste hauetan bizi izandako bizipenak oso politak eta positiboak izan dira, izan ere, haur hauek lehenengo egunetik besoak zabalik hartu ninduten gelan, eta, beste andereño bat izango banintz bezala ikusten ninduten, ez praktikari bezala: Lan bat egiterakoan niregana ere hurbiltzen ziren nik zuzendu ahal izateko, zerbait egiten ez zekitenean deitzen zidaten eta laguntza eskatzen zuten.
Zorte handia izan dut egokitu zaidan tutorearekin, izan ere, aurretik ezagutzen nuen, nik ikasitako ikastolan egon zen lanean, eta nire ahizparen tutorea izan zen. Lehenengo egunetik oso ondo tratatu nau, ikasle guztiei buruzko informazio eman dit: Adibidez, ikasle bat medikatuta zegoela TDH zeukalako, beste ikasle baten familiako egoera egokia ez zela, etab.

Irakasle txukuna izateko, behar beharrezkoa da ikasleak berdin berdin tratatzea, eta, kasu edo atentzio berdina ematea guztiei haurrek antzeman dezatelako eta hain txikiak izatean, faboritismoa dagoela uste ahal dutelako (askotan ezinezkoa izaten da, haur batzuek atentzio gehiago behar izaten dutelako).
Gainera, klasean adimen maila desberdina daudela kontuan hartu behar da irakasle bezala, eta ezin dutela denek fitxa edota ariketa berdina egin, exigentzia maila handiagoa da adimen maila altuagoa duten pertsonentzat.

Bukatzeko, gehitu nahiko nuke, praktikaldia oso motza egin zaidala, hilabete oso motz geratzen da, klaseko dinamika ezagutu orduko, agur esateko ordua heldu da. Oso esperientzia aberasgarria izan da, hurrengo praktikaldia hasteko irrikitan nago. Baina, orain, gure irakaslearen aulkia igotzea tokatzen da, datorren urtera arte.



viernes, 15 de noviembre de 2019

PRAKTIKALDIA AGURTZEKO ORDUA


Bost aste hauek izugarriak izan dira niretzako, praktiketako irakasleez ezik, pertsona bezala ere bete nautelako. Hasieran, urduritasuna zen nire gorputzean agintzen zuen sentimendua, gutxi bainekien bertan burutu beharreko funtzioei buruz. Hala ere, bigarren egunerako, irrikak urduritasuna ordezkatu zuen. Zorte handia izan dut bi tutoreekin, lehen momentutik oso ondo konektatu baitugu eta une oro niri laguntzeko prest azaldu dira.

Ikasleekin ere azkar konektatu dut, batzuekin beste batzuekin baino azkarrago, logikoa den bezala; baina denbora aurrera joan den heinean, guztiak zoragarriak direla konturatu naiz. Haur bakoitzak gauza pila irakatsi didate. Haur bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak bizitzeko era ezberdina du; baina beraien mundu horiek izan dira nire lehen praktiketako esperientzia osatu dutenak.

Praktika garaian ikasitako ezaugarri garrantzitsuenetiko bat, ikasgelako egoera erosoa izan behar duela da, hala, egoera sozio-afektibo egokia egonda, ematen den garapen kognitiboa zuzenagoa izango da. Izan ere, eskola leku erakargarriagotzat eta ikastea ekintza errazagotzat hartzen dute.

Resultado de imagen de abrazos alumnosBizipenei dagokienez, denetik bizi dudala esan dezaket, momentu onak zein zailtasunezko momentuak. Baina gertakizun zailek ematen dizuten esperientzia ez da inondik inora ere momentu onek ematen duten bezalakoa, guztiak dakar ikaskuntza, eta ni horrekin geratzen naiz, etorkizunean balioko didaten bizipenekin hain zuzen.

Azken egunak gogorrak egin zaizkit, lehen esperientzia hau berezia izango zela jakin arren, ez nekien hainbesterako izango zenik. Baina hemendik ateratzen dudan ondorioa positiboa da benetan, asko ikasi dudalako eta bost aste zoragarri izan direlako. Geroz eta argiago dut irakaslea izan nahi dudala, haur batentzat bere heziketan zein berezia izatera iritsi zaitezkeen jakitea arro sentiarazten nau. Lanbide honetan pausu txikienak ere handi bilakatu daitezke. 


Azken eguneko ospakizuna
                                                         PROIEKTUAK

Jada praktikaldiaren laugarren astea pasata, ikastetxeak dituen proiektuei buruz hitz egitea tokatzen zait, zeintzuk diren eta nola eramaten diren aurrera.

Alde batetik, Agenda 21 deitzen den proiektua du ikastetxeak, eta ingurumena zaintzekko haurrak txikitatik kontzientziatzean datza. Nik ikastetxean egon naizen aste hauetan, haurrekin batera munduaren eta ingurumenaren egoera azaltzen duten bideo batzuk ikusteko aukera izan dut proiektu honen barruan.

Resultado de imagen de agenda 21

Horrez gain, HNP izena duen proiektu baten parte ere da ikastetxea. Honekin, hinzkuntza normalkuntza lantzen da, eta honen barruan; euskararen eguna, iraksaleen egunerokotasneko inplikazioa... sartzen dira. Hau da, iorakasleek egunero haurrak euskaraz hitz egitera bultzatzen dituztela ikusi dut, nahiz eta ikasle batzuek zailtasunak izan, laguntza eskainiz proiektua aurrera eraman.

Aste hauetan zehar, beste proiektu bat aurrera nola eramaten duten ikusteko aukera izan dut. Proiektu honi elkarbizitza deritzo eta horregatik, "Tratu onaren aldeko eskola" deitzen diote. Proiektu hau auurera eramateko eta proposatutako helburuak lortzeko, tutoretza klaseetan irakaslearen aginduz, haurrek jolas kooperatiboak egiten dituztela ikusi dut. horrela, talde kohesioa eta beraien arteko harremanak indartuz.

Azkenik, gaur egun beharrezkoa den IKT proiektua ere badago. Honekin, teknologia berrien erabilerak gutxinaka egunerokotasunean sartzen ikastean datza. Esate baterako, nire klaseak, astero 1h eta erdi izaten zdu ordenagailuetan ariketak egiteko eta honen funtzionamendua ikasteko.


Resultado de imagen de ikt"

jueves, 14 de noviembre de 2019

Aniztasuna

Kaixo!

Mundu osoko pertsona talde guztietan edo ia guztietan bezala, nire praktika aldi honetako ikasle taldean ere aniztasun handia ikusten dut. Lehenik eta behin, talde honetan ikasle euskaldunak, marokoarrak eta pakistaniarrak daude, hortaz, kultura eta ohitura ezberdinak dituzten familietatik datozen umeak daude. Badaude ere etxean betidanik euskaraz hitz egin eta entzun dutenak eta alderantziz, inoiz ere ez dutenak euskaraz entzun ez hitz egin. Hau dela eta, euskaraz idazterako orduan ikasle batzuek beste batzuek baino zailtasun handiagoak dituzte. Hala ere, ulermenari dagokionez denek ulertzen dute ondo euskeraz.

Bestalde, umeen jarrera edo portaerari dagokionez, desberdintasun handiak ikusten ditut batzuen eta beste batzuen artean. Ikasle batzuk oso lasaiak eta isilak dira, beste batzuk aldiz, asko hitz egiten dute eta klaseak askotan mozten dituzte, edota asko mugitzen dira, aulkiarekin jolasean adibidez. Badaude baita ere taldean lan egitea oso gustoko duten ikasleak edo alderantziz, bakarka lan egitea nahiago dutenak eta besteek beraien lana ez kopiatzeko, ez erakustea nahiago dutenak.

Atentzioa asko deitu didan zerbait da ikasle batzuek, ez badute inor gainean lana egiteko esaten ez dutela ezer ez egiten, edo altuan irakasleak zerbait galdetzen duenean ez dakitenak erantzuten, baina irakasleren bat gainean badute ikaslea ez despistatzeko ariketak egiteko oso erraz egiteko gai dira.

Gela guztietan gertatzen den bezala, badaude dena oso ondo eta erraztasunez ulertzen duten ikasleak eta alderantziz. Baina bigarren kasuko ikasle horiek ez dira klasetik ateratzen errefortzuko irakasleekin lan egiteko. Izan ere, badaude laguntzako irakasleak baina ikasleak beraiengana joateko klasetik atera beharrean, beraiek joaten dira klasez klase beharrezkoa duten ikasleei laguntzeko.

Hezkuntza Komunitatea

Kaixo!

Nahiz eta egun gehienetan arratsaldez bakarrik joaten naizen praktiketara, jada badaramatzat hainbat aste gauza asko ikusi eta ikasteko lagundu dizkidatenak. Soraluzeko eskolako 3. mailan hiru talde daude eta ni horietako batekin ari naiz praktika aldi hau aurrera eramaten. Esan beharra daukat esperientzia oso aberasgarria izaten ari dela eta asko disfrutatzen eta, batez ere, ikasten ari naizela.

Eskola honetan, umeak goizeko 9etan sartzen dira eta eguerdiko 12:30etan atera, geroago berriro ere 14:30etan sartu eta 16:30etan ateratzeko. Goizean, 9ak eta 12:30 artean, ordu erdiko jolasordua edukitzen dute 11etatik 11:30 arte. 12:30etan ikasle batzuk ikastetxeko jangelan geratzendira bazkaltzen eta beste guztiak beraien etxeetara joaten dira.

Aurretik esan bezala, 3. mailako talde batekin egoten naiz. Talde hau, 10 mutilek eta 9 neskak osatzen dute, hau da, 19 ikaslek. Gelan bosteko eta lauko taldeetan egoten dira eserita (gorria, urdina, horia eta berdea), horrela, lanak taldean egiteko eta ikasleak beraien artean laguntzeko. Talde bakoitzean astero aldatzen den arduradun bat egoten da, eta honen lana estutxeak, koadernoak... apaletatik mahaira edo mahaitik apaletara eramatea da, eta beharrezkoa izanez gero, taldekide guztien lanak irakasleari eramatea.

Bestalde, gelan urez betetako pitxer bat egoten da eta ikasle bakoitzak bere edalontzia du pitxer alboan. Pitxerra eta edalontziak ikasle batek egarria duenean bere lekutik altsatzeko eta bakoitzaren edalontzian ura edateko daude. Hori bai, debekatuta dute bi ikasle edo gehiago ura edaten batera egotea.

Gorputz Hezkuntza eta musika kenduta asignatura guztiak gela berdinean ematen dituzte, hala ere, noizbehinka liburutegira edota informatika gelara joaten dira jarduera ezberdinak egitera. Aurretik aipatutatko bi asignaturak eta ingelesa beti dituzte egun eta ordu berdinetan, baina gainontzeko asignaturak lantzeko ez dute ordutegi zehatzik, hau da, irakasleak erabakitzen du zein momentutan landu matematika edota euskara, adibidez.

Azkenik, ikastetxe honetan proiektuka egiten da lan. Hau da, hiruhileko bakoitzean, ikasleek beraien gustoko gai bat aukeratzen dute, adibidez sukaldaritza, eta hiruhileko horretan egiten dituzten lan edo ariketa gehienak, sukaldaritzaren inguruan izaten dira. Gainera, ikasleek etxetik eraman ditzakete gai horrekin zerikusia duten gauzak (liburuak, tresnak...) ikaskideen aurrean erakusteko eta aste batez edo, ikasgelan uzten dituzte beraien lagunek ikusi ahal izateko.

Amaitzeko: MEMORIA

Kaixo, arratsalde on:

   Praktikaldi txanda hau bukatzen da...  Nola daude emozio horiek?   Bukatzeko penaz edo desiatzen?

  


Ikastetxeko egonaldia amaitu ondoren, PRACTICUM I ikasgaia ebaluatua izateko amaierako HAUSNARKETA burutzea falta zaizue orain, kalifikazio orokorrerako oso alderdi garrantzitsua. 


Gogoratu:
Bi zati nagusi izan behar ditu hausnarketa honek hau da, kontaketa eta proposamenak. 

  • Alde batetik

(1.-) Bi pasadizoren kontaketa eta irakasleak bertan izandako eskuhartze inguruko gogoeta 

Une honetan jada ikastetxeko praktikaz blai izango zaretenez, behatze eta ondorioztatze prozesuan jantzita, beste aurrera pauso bat eman beharko duzue. Hainbat ikasgai eta hainbat gela, patio saioak, sarrera/irteerak, denetik ikusi eta bizi izango zenuten.
 
Ugariak izango ziren ikastetxean egunero sortzen diren gertaerei so egin eta zuen gogoetak burutzeko izan dituzuen aukerak. Horietako bi dira oraingoan azaldu behar dituzuenak, lehena zuen irakasle irudikapenaz bat datorrena eta bigarrena izan nahi duzuen irakasle ereduarekin talka egiten duena, A) eta B) paragrafoetan azaltzen denari jarraituz.
§  --- A).- GARBI DESKRIBATU, denok ulertzeko moduan, lehenengo “GERTAERA” edo  “PASADIZOA”

     Ondoren, zehaztu:  Zein izan da irakaslearen jokabidea une horretan? Ze alderdi positiboak azpimarratuko zenituzke? Zenbateraino ikusten duzu identifikatua zure burua esku hartze horretan? Zergatik?

§  … B).- GARBI DESKRIBATU, denok ulertzeko moduan, bigarren “GERTAERA” edo  “PASADIZOA”
Zer ez zaizu gustatu? Zure ustez, zein izango litzateke irakasle gisa aritzeko modu egokiagoa kasu horretan? Zer uste duzu egingo zenukela zuk? Zergatik?



  • eta, beste aldetik, 

(2.-) ikusi, bizi eta hausnartutako esperientziaren harira, ikasleen ikas-prozesua hobetzeko bi proposamen, ZURE BI PROPOSAMEN, ondo zehaztuta.


Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, maila teorikoan ikasitakoa Practicum I-ean bizi izan duzunarekin uztartuz, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan ematen diren ikas-prozesuak hobetzeko bi proposamen aurkeztu, ZUREAK DIREN BI PROPOSAMEN. Azalpenean, aurrera eramateko moduak zehaztu egin beharko dituzu eta aurre ikusten dizkiezun onuren nondik norakoak azaldu.



Izan kontutan ez dela agertu behar
ez izenik, ezta pertsonak identifikatzeko moduko
ezaugarririk ere


------
  • Denetara ez 2 orrialde baino gutxiago baina ezta ere 7 baino gehiago. Azala eta eranskinak aparte.
  • Times New Roman. 12 tamainako hizkiak. 1,5eko tartea lerroen artean. Orrialdeak zenbatuta.
  •   Testu idatzia ez den guztia, eranskinetan. Muga eta formatu gabeko eranskinak.
 
Entregatzeko epea:
Abenduaren 17an, asteartea, arratsaldeko ordu bietan bukatzen da. 2019/12/17, 14:00
Nire bulegoan edo 70 zenbakia duen buzoian utzi.
.
ERNE!: folioak grapatuta eta
plastikozko zorro batean sartuta
.