Mostrando entradas con la etiqueta #NoraAranguren. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta #NoraAranguren. Mostrar todas las entradas

sábado, 16 de noviembre de 2019

PRAKTIKALDIEN AMAIERA

     Praktikaldiak agurtzeko unea uste baino azkarrago iritsi da. Haiei hasiera eman genien eguna gogoan dut oraindik, hura bai urduritasunez beteriko eguna. Gelara sartu orduko 17 haurren begiak zuzen-zuzenean niri begira somatzen nituen, nor ote nintzen jakiteko irrikaz. Nire burua aurkeztu eta lehenengo egunetik esku-zabalik hartu ninduten. Haiei esker urduritasunak jada ez zuen lekurik nire gorputzean, alaitasunak eta beste hainbat setimendu deskriba ezinek lekua kendu baitzioten. Esan beharra daukat, tutore eta irakasleek ere oso ondo zaindu eta lagundu nautela eta haiek gabe esperientzia hau ez litzatekeela berdina izango. 

    Ohikoa den moduan, 5 aste hauetako bizipenak denetarikoak izan dira, batzuk oso positiboak eta besteak ez hain positiboak. Baina azkenean, bizipen positiboez gain, ez hain postibo horiei esker ere pila bat ikasi dut. Azken finean, ikasgela batean guztiok pertsonak gara eta gutariko bakoitza mundu bat da. Horregatik, batzuetan haserreak, istiluak eta borrokak sortuko dira baina egoera horiei buelta ematen ere ikasi egin behar dugu, bizitza ez baita guk uste bezain erraza. Egoera horiei buelta ematen jakitea ere bada irakasle txukun bat izateko bidea, beraz, bizipen guzti horiei esker ikasi dudana beti eramango dut gogoan. 

    Aipatu nahi dut, bizipen guztietatik bat aukeratu beharko banu, azkenengo eguna aukeratuko nuela. Egia da, oso egun gogorra izan zela, izan ere, agurrak beti izaten dira zailak, eta gehiago agurtu behar dituzun horiek zure esperientzia ahaztezin eta oso berezi baten parte izan direnean. Nahiz eta 5 aste soilik izan, uste nuena baino harreman estuagoa sortu da haurren eta nire artean eta hori izan da hain zuzen, haiek agurtzea une gogorra bilakatu duen arrazoia. Baina aldi berean, oso momentu polita izan zela esan beharra daukat, haur guztiak une batez haien arteko gatazkak alde batera utzi eta bat egin baitzuten ni agurtzeko. Marrazki mordoska bat eman zizkidaten beraietaz ez ahazteko esanaz eta aitortu bezala, ez ditut inoiz ahaztuko, nire bizipen ahaztezin baten parte bilakatu baitira.


     Aipatu dudan guztiari esker oso argi daukat irakasle izan nahi dudala. Badakit oraindik asko gelditzen zaidala ikasteko, baina irakasle izatera iristeko bidea hasi besterik ez da egin. Lehenengo esperientzia honek irakasle eta pertsona bezala hazteko eta gehiago ikasteko aukera eman dit eta aukera hori behar bezala aprobetxatzeko gai izan naizela uste dut. Aste hauetan bizi izan dudan guztia etorkizunean aplikatzea litzateke irakasle txukun bat izatera heltzeko bidea, beraz, 5 aste hauetan ikasi dudana oinarritzat harturik, haren gainean apurka-apurka eraikitzen joango naiz etorkizun batean errealitate bihurtzea espero dudan ametsa. 


sábado, 9 de noviembre de 2019

PROIEKTUAK

     Kaixo guztioi!

     Gure praktikaldiaren azken txanpara heltzen ari gara eta gaurkoan, gure ikastetxeetan ikus ditzakegun proiektu ezberdinei buruz hitz egingo dugu. 

       Jakin badakit, Zestoako Herri Ikastetxean hainbat proeiektu ezberdin daudela martxan, baina esan beharra daukat, 4 aste hauetan 2 proiekturekin aritu naizela zuzenean harremanetan. 

     2 proiektu horien artean lehena, Irakurketa Plana dugu. Proiektu honen helburua, ikasleak irakurketa eta horrek dakarren ulermena lantzera bideratzea da. Orokorrean, irakasgai gehienetan, indar handiagoa ematen zaio idazteari, irakurtzeari baino, eta beraz, bigarren hau sustatzeko, hari bakarrik zuzendutako irakasgaia dugu. Astean behin gutxienez, ikasleek irakurketa deituriko irakasgaia dute. Bertan, irakasleak, ikasle bakoitzari albiste edota ipuin bat ematen die. Lehenik, irakasleak pare bat aldiz altuan irakurtzen du. Ondoren, ikasle bakoitzak berea irakurtzen du, eta azkenik, binaka jarri eta txandakako irakurketa burutzen dute. Prozesu hori gauzatzen ari den bitartean, irakasleak banaka ikasle bakoitzari deitu eta ipuinaren zati bat irakurtzeko eskatzen dio. Horrela irakaslea, ikasle bakoitzaren irakurketa maila neurtzeaz arduratzen da. Irakurketa lan hau egin ondoren, testuak dakartzan ulermen galderak erantzun behar dituzte. Denak batera lanean aritzen direnez, zaila da jakitea bakarrik edota ondokoari begiratuta erantzun dituzten galderak, beraz, noizean behin, banaka eseri eta banakako irakurketa eta hari dagozkion ulermen galderak burutzen dituzte. 



     Azalduko dudan bigarren proeiktua oso proiektu berezia iruditzen zait. Zestoako Herri Ikastetxeak, Zestoako San Juan Egoitzarekin duen proiektu bat da hain zuzen. Proiektu hau aspalditik dago martxan, bertan ikasten nuenean bizi izan bainuen baina esan beharra daukat orain eman duen aurrera pausoak benetan arritu nauela. Aspalditik, egun puntualetan, esaterako, gabonak, inauteriak eta horrelako datak iristen zirenean, ikastetxeko ikasleak San Juan Egoitzara joaten ginen eta bertan zenbait ekntza burutzen genituen han aurkitzen diren aiton-amonekin. Egun horiek oso bereziak ziren bai geuretzat eta bai bertakoentzat ere eta oso ondo pasatzen genuen guztiok batera. 

         Hori horrela izanik, badirudi proiektu hau zabaltzea erabaki dutela, hau da, egunerokotasuneko zerbait bilakatzea erabaki dute. Hori dela eta, egunero-egunero, ikastxetxeko gela bakoitzetik ikasle bat egoitzara joaten da, guztiek joan ahal izateko, astero ikasleak txandakatzen joaten dira. Bertan, eskolako sistema ez apurtzeko eta ikasleak eroso sentitzeko, txoko ezberdinetan aritzen dira lanean. Nire taldekoei garbiketa txokoa egokitu zaie eta bertan, arropak garbitzera bota, tolestu, armairuetan jaso eta horrelako ekintzak burutzen dituzte. Kanpotik, pilabat nabari dut oso gustora daudela proiektu honekin, beti zai baitaude beraien txanda heltzeko. Goizean 11:15 aldera tokatzen zaien ikasleak bildu eta denak batera joaten dira eta 12:15 alderako itzultzen dira. Itzulitakoan, egun horretan egin dutena azaltzen digute. 



       Proiektu hau oso priektu berezia izateaz gain, behar-beharrezkoa iruditzen zaidan proiektu bat da. Honi esker, ikasleak errealitatearekin harremanetan jartzen dira eta errealitate hori aurrera eramateko egin behareko esfortzuaz ohartzen dira. Ikasleek ikasi egiten dute zein garrantzitsua den laguntzea eta laguntza horrek nola eragiten duen besteengan. Esan beharra daukat ikasleentzat oso esanguratsua izan arren, bertan aurkitzen direnentzat ere poztasun- iturri aberasgarria dela haurren bisitak jaso eta haiekin ekintzak burutzen aritzea. 

domingo, 3 de noviembre de 2019

IKASKETA-PROZEDURAK

  Kaixo guztioi!

  Heldu zaigu praktikaldietako 3. astearen amaiera. Nahiz eta aurrekoekin alderatuta aste laburra izan, esperientzia berriz eta emozioz beteriko astea izan da honako hau ere. Gaurkoan, ikasgelako baliabide didaktikoei, ikasketa prozedurei eta estrategia metodologikoei buruz hitz egitera hurbildu natzaizue. 

  Aurreko ataletan aipatu bezala, nire ikastetxea Amara Berri sisteman oinarrituta dago eta esan beharra daukat sistema hau asko aldentzen dela hain ezaguna den sistema tradizionaletik. Jarraian azalduko dizuet Amara Berrik ikasleei eskaintzen dien ikasketa prozesuaren nondik norakoa. 

  Material didaktikoei dagokienez, ikasgelan arbelak, ordenagailuak eta tabletak erabiltzen dituzte. Normalean, arbela, irakasleek erabiltzen dute (oso gutxitan), baina ikasleek aurkezpenen bat burutu behar dutenean erabil dezakete. Ordenagailuak eta tabletak aldiz, denen eskura daude uneoro eta behar dutetean erabil ditzakete, betiere irakaslearen baimenarekin. Eskolan lan egiteko erabiltzen duten materialaren inguruan ere aipamen bat egitea gustatuko litzaudake. Oso ohikoa ez den arren, Zestoako Ikastetxean, ikasleek behar duten material guztia dute eskura. Koadernoak, arkatzak, boligrafoak eta bestelako materiala eskolan bertan dute eta beraz, ez dute ezer erosi behar. Honi esker, ikasleek materiala zaintzen eta konpartitzen ikasten dute. 

  Ikasketa prozedurei eta estrategia metodologikoei dagokienean, irakaslea gidari lanetan aritzen da, ikasleak ikasketa-prozesu egoki batetik bideratuz. Aurretik aipatu bezala, nire ikastetxean irakasgai bakoitzari gela batek dagokio eta bertan bi mailatako ikasleak elkarlanean aritzen dira irakasgai bakoitzak planteatzen dituen txokoetan. Txokoetan modu berezi batean aritzen dira lanean. Ez dira testuliburuak erabiltzen, fitxa moduko batzuk baizik. Txoko bakoitzean, jarduera batzuk planteatzen dira eta jarduera horietako bakoitzak bere lan metodoa du. Ikasleak lan metodo hori pausoz pauso jarraituz bere lana burutzen du eta amaitzen duenean irakasleari erakusten dio zuzenketak egiteko. Esaterako, Euskara irakasgaiko Denborapasak txokoan, hizki´zopak, txisteak, asmakizunak eta estilo horretako lanak planteatzen dira. Ikasle bakoitzak bat aukeratzen du eta hari dagokion lan metodoa hartuz lana burutuko du. Lan bat amaitzerakoan beste bati ekin beharko dio. Kontrol orrian, ikasleek apuntatu egin behar dituzte burututa dituzten lanak, irakasleak ikasle bakoitzaren lana kontrola dezan. Azken finean, ikasleak modu libre eta autonomo batean dihardute lanean eta ikasleak nolabaiteko kontrola eman behar du ikasle guztiak lanean dihardutela ziurtatzeko. Bi mailatako ikasleak nahasian daudenez, zaharrenei gehiago exigitzen zaie, baina guztiek metodo bera jarraitzen dute. 

  Esan beharra daukat, oso metodologia dinamikoa iruditzen zaidala eta dinamikotasun horri esker ikasleek gustora dihardutela ikasten. Sarritan ordea, irakaslearentzan zaila izaten da ikasle guztien gaineko ardura hartzea, izan ere, ikasle bakoitza bere lana burutzen ari da (guztiak ezberdina) eta irakaslearentzat oso zaila da jakitea ea guztiak lanean dabiltzan edo ez. 

  Amaitzeko, aipatu nahi dut, astero astero Gaztegiro deituriko aldizkari bat egiten dela eta ostiralero ikasle bakoitzari bat banatzen zaio etxera eramateko. Aldizkari horretan, ikasleen lanak ageri dira, mota guztitakoak, denborapasak, idazlanak, asmakizunak... Tontakeria dirudien arren, ikasleei ikaragarri motibatzen die aldizkari horretan beraien lana eta beraien izena agertzeak eta hori dela eta oso motibatuta aritzen dira lanean, haien lana aldizkarian ager dadin. 


domingo, 27 de octubre de 2019

Aniztasuna


Kaixo guztioi!

   Heldu da nire praktikaldietako 2. astearen amaiera eta horaingo honetan aniztasunaren inguruan hitz egitera hurbildu natzaizue.

   Ikasgelara sartu orduko, irakasleak bertako aniztasun ugariaren berri eman zidan. Izugarrizko arreta deitu zidan, hain ikasle gutxik osatzen duten ikasgela txiki batean aurki daiteken aniztasun tasa altuak. Egunak igaro ahala, ohartu naiz, aniztasuna ez dela soilik genero edota kulturaren inguruan nabari diren ezberdintasunetara mugatzen. Azken finean, pertsona bakoitza mundu bat da eta hori dela eta, geure artean itxurazko ezberdintasunak izateaz gain, barnetik ere oso ezberdinak gara eta mundua oso modu ezberdinetara ulertzen eta interpretatzen dugu.








   Beraz, nire ikaslgelako aniztasun ugaria aipatzen dudanean esan nahi dudana da, ikasleen artean ezberdintasun oso haundiak eta mota askotarikoak ageri direla. Ikasgela neskek eta mutilek osatzen dute baina esan beharra daukat neskak gehiago direla mutilak baino. Jatorri ezberdineko ikasle ugari ere badaude baina izugarrizko poza sorrarazi dit haiek hain ondo integraturik ikusteak. Horrez gain ordea, esan beharra daukat gaitasunei dagokienean ere ikasleak oso ezberdinak direla. Aurreko atalean aipatu bezala, gelan 3. eta 4. mailako ikasleak ditugu nahasian eta beraz horietariko bakoitzak garatuta dituen gaitasunen maila oso ezberdina da. Gainera, garrantzitsua egiten zait azpimarratzea laguntza berezia behar duten 2 ikasle ere baditugula gelan.

   Hau guztia aipatu ondoren, esan beharra daukat oso garrantzitsua dela ikasleei aniztasunaz ohartarazi eta hura errespetatzen irakastea. Azken finean ikasgelan ikasteaz gain elkarbizitza bat daramate aurrera eta elkarbizitza horrek ongi funtzionatzeko ikasleek elkarren artean errespetuz jokastzen ikasi behar dute. Beraz, irakasleon lana da, lehenik eta behin geuk aniztasuna errespetatzea eta ondoren ikasleei hartaz kontzientziatzea. 

lunes, 21 de octubre de 2019

Hezkuntza Komunitatea

Kaixo!

Jada igaro da praktikaldietako lehenengo astea eta esan beharra daukat aste bikaina izan dela. 

Aste honetan zehar ohartu naiz urteek aurrera egin  arren, eskolaren sistemak bere horretan jarraitzen duela, Amara Berri deituriko sistemarekin hain zuzen. Ordutegiari dagokionez, goizean 9:00 etan hasten dira klaseak, 10:30etatik-11:00 ak arte, etenaldi bat egiten da eta ondoren, 11:00tatik 12:30ak arte klasera itzultzen dira berriz. Bazkalordua 12:30tatik-14:30 ak arte izaten da eta ondoren 14:30 tatik 16:30 ak arte klaseak izaten dira. Ondoren ia haur guztiak eskolaz kanpoko ekintzez beteak dituzte arratsaldeak.




Eskolaren banaketari dagokionez, 3 ziklo bereizten dira eta ziklo bakoitzean bi maila nahasian daude. Niri 2.zikloa egokitu zait eta bertan 3. eta 4. mailakoekin dihardut lanean. Taldeak kolorezka daude banatuta eta nire taldearen kolorea urdina da. Gela bakoitza irakasgai bat da eta beraz, haurrak tokatzen zaien irakasgaiaren arabera, gela batetik bestera mugitzen dira. Gela guztiak itxuraz berdinak dira, txokoetan antolatuta daude eta apalak, karpetak, eta gainontzeko material guztien kokapena berdina da. Gela batetik bestera dagoen ezberdintasun bakarra edukia dela esan daiteke. Horrek, haurrak autonomoagoak izatea dakar, izan ere, txikitatik ikasten dute beharrezko materialaren kokapena eta horrek lehen hezkuntza guztirako balioko die. Horri esker, irakaslea berandu iritsi arren, haurrek badakite zein txokotan tokatzen zaien eta non dagoen txoko horretan burutu behar duituzten zereginen gida, beraz, klasera sartu orduko lanean hasteko joera dute. 

Aurretik aipatu bezala, gelak txokotan banatuta daude eta txoko bakoitzean zeregin ezberdinak daude, beraz, denbora-tarte bat igaro ostean, txoko-aldaketa burutzen da, ikasle guztiek txoko guztietatik igarotzeko aukera izan dezaten. Aipatzekoa da, adin ezberdinetako haurrak nahasian daudela txokoetan, nire kasuan 3. eta 4.mailakoak. 4. mailakoen ardura da neurri batean 3.mailakoei laguntzea, esperientzia gehiago baitute, baina zailtasunen bat badago, irakaslea beti dago hor laguntzeko prest. Aste honetan txoko ezberdinetatik igaro naiz eta haurrek sormena izugarri lantzen dutela ohartu naiz. Uneoro haien ideiak hartzen dira kontutan, gauza berriak sortzeko eskatzen zaie, ipuinak, olerkiak, denbora-pasak... eta horrela irakasgaia lantzeaz gain beste hainbat alderdi garatzen dituzte. 

Esan beharra daukat irakasgai berezi batzuk ere lantzen direla, esaterako irratia. Astelehen eta ostiraletan irrati saio bat ematen da (horretarako gela bat dago prestatuta), tokatzen zaien haurrek, albisteen, eguraldiaren eta jangelan emango den menuaren berri ematen dute eta gainontzekoak berriz, ikasgelan irratia piztuta dutelarik, entzuten duten guztia orri batean idazteaz arduratzen dira. 

Amaitzeko, esan dezaket teorian ikasi duguna praktikara daraman eskola baten aurrean aurkitzen naizela eta sistema oso ona iruditzen zaidala, ikasleak oso eroso, gustura eta aldi berean arduratsu ikusten baititut. 

viernes, 11 de octubre de 2019

Aurkezpena




  Kaixo!

  Nora Aranguren Larrañaga naiz, 19 urte ditut eta Zestoan bizi naiz. Lehen Hezkuntzako gradua ikasten ari naiz eta datorren astelehenean, hilaren 14-ean zehazki, nire lehenengo praktika aldiak burutuko ditut Zestoako Herri Ikastetxean.

  Urduritasuna eta aldi berean emozioa sentitzen ditut nire barnean. Eskola horretan ikasi nuen nik eta bizitako esperientzia guzti horiek ahaztezinak gertatzen zaizkit. Modu berezi batean ikasten genuela esan dezaket, jolas baten barnean murgildurik bageunde bezala eta hori da hain zuzen nire herriko ikastetxea berezi bilakatzen duena.

  Berezitasun horri esker erabaki dut ikastetxe honetara itzultzea, baina oraingo honetan ikasle izan beharrean irakasle rola hartuko dut. Esperientzia berri bat bizitzeaz gain, nire 5 aste hauetako helburua irakasle paperean sartu eta ea benetan nirekin bat datorren ziurtatzea izango da.