Mostrando entradas con la etiqueta #AmaiaMatxinea. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta #AmaiaMatxinea. Mostrar todas las entradas

lunes, 18 de noviembre de 2019

Nire esperientzia

Kaixo!

Lehenengo praktikaldiaren amaiera heldu da eta egia esan oso sentsazio onarekin gelditu naizela esango nuke. Uste dut praktikaldi honi etekin handia atera diodala eta gauza berriak ikasteko balio izan didala.

Zestoako herri ikastetxean egin ditut praktikak eta hemen duten metodologia gutxi ezagutzen nuenez asko ikasi dut bere buruz. Amara Berri sistema dute, hau da, txokoetan egiten dute lana. Honi esker ikusi dut bi maila nahastuta egotean nola laguntzen diren beraien artean taldeetan daudenean. Uste nuen ikasleek besteei laguntza eskatzerako orduan gogorik gabe erantzungo zutela, baina, orokorrean gogoz erantzuten eta laguntzen ziren. Honetaz gain, metodologia honek ematen dien autonomiagatik ez nuen gauza handirik espero eta uste nuen asko oso galduta ibiliko zirela eta ez zutela ezer egingo. Egia da, beti daudela ikasle batzuk bakarrik lan egitea kostatzen zaiena edo gogorik gabe hartzen dituztenak lanak, baina hala ere, orokorrean, oso ongi moldatzen direla esan daiteke.

Ikasleei eskeintzen zaien laguntzen inguruan, ikusi dut ez dela nahikoa. Nire ikasgelan 16 haur zeuden eta hala ere tutoreak ezin zien guztiei lagundu eta askotan, ni egoteak pixkat errazten zuen lan hori, ni ere ariketak zuzentzen nengoelako. Batzutan laguntzailea sartzen zen ikasle konkretu batzuei laguntzeko baina, nire iritziz, beste haur askok ere laguntza behar zuten eta ez dute jasotzen. Honekin esan nahi dudana da, haur kopuruko irakasle nahiko ez daudela, eta gainera, laguntza berezia behar duten guztiek ez dutela jasotzen. Hori ez da ikastetxe honen kontua soilik, beste lekuetan berdina gertatzen da, publikoan behintzat. Hezkuntzan inbertsioa egin beharko litzateke, ez da nahikoa dituzten errekurtsoekin.

Esan dezakegu irakasle/laguntzaile papera hartu dudala praktikaldi honetan. Egia da klasean ordena ez dudala nik jarri eta ez naizela izan beraientzat klasea ematen zuena, baina askotan nigana jotzen zuten galderak egiteko edota laguntza eske. Askotan gertatzen zitzaidan, ez nituela beraien lanak kontrolatzen eta ezin niela lagundu neuk ere ez nekielako zein zen erantzun egokia eta metodo egokia, baina beti saiatzen nintzen laguntzen edo ahal zen zuzenen erantzuten. Askotan ortografia akatsak ziren zuzendu beharrekoak eta hori neuk egiten nuen. Beraz, nire tutore zenak, eta beste irakasleek, uzten zidaten parte hartzen eta neuk ikusi nahi nuena ikusten eta lantzen.

Heldu nintzen lehenengo egunean uste nuen haurrek ez zidatela utziko laguntzen baina lehenengo aldiz baten ondoan eseri nintzanean galdetzeko zein lan egiten ari zen, gustora azaldu zidan eta gainera galdera bat egin zidan. Hortik aurrera, besteak ere niri laguntza eske hasi zitzaizkidan eta egia esan, oso ondo tratatu naute guztiek, bai irakasle eta bai ikasleen partetik. Haurrek nahiko konfiantza hartu zuten nirekin eta esaten nienean lana egin behar zela askotan, kasu egiten zidaten nahiz eta gogo handirik ez izan.

Uste dut, han zeuden irakasleak oso eredu onak izan direla niretzako eta horregatik eta metodologia honi esker, etekin handia atera diodala praktikaldiari. Txokoetan egoteak, haurrengana gerturatzea errazten zuen, beraien ondoan eseri eta txoko berdinean aste bat pasatzen nuen gutxigorabehera. Horrela, txokoa pixka bat kontrolatzera heltzen nintzen eta funtzionamendua ulertu. Praktikaldi honi esker gauza asko beste era batera ikusten ditut orain eta uste dut etorkizunean aplikatzeko oso egokiak izango direla, eskoletako errealitatea ikusteak lagundu egin dit,

Laburbilduz, oso esperientzia ona izan dela esan dezaket eta nire ikuspuntuan influentzia izan duten gauza asko bizi izan ditut. Amaiera ezinhobea izan zuen eta haurrek egin zizkidaten marrazki eta testuek dena esaten dutela uste dut. Asko eskertu didate laguntzea eta nirekin oso ondo pasatu dutela diote, oso sentsazio onarekin eta poztasunez betea irten nintzen handik azken egunean.


lunes, 11 de noviembre de 2019

Proiektuak

Kaixo!

Praktikaldiaren azken astera heldu gara eta egia esan sentsazio onarekin gelditzen ari naiz esperientzia honekin. Ohiko irakasgaiez gain, Zestoako herri ikastetxean zein proiektu ematen diren ikusi dut eta haurrek hauetan duten parte hartzea behatu dut.

Lehenik eta behin, gehien ikusi dudan proiektua, irakurketarekin lotua dagoena da. Haurren irakurketa sustatzeko, hau hobetu eta ohiturak hartzeko proiektua dela esan dezakegu. Bi ataletan banatzen da:


  • Astean behin, irakurketa deitzen dioten gaia dute. Haurrak taldeka esertzen dira eta denek testu berdina lantzen dute. Hemen, praktika ezberdinak ikusi ditut. Alde batetik, irakasleak egiten duen ozeneko irakurketa dugu, hau da, irakasleak haur guztientzako irakurtzen du eta hauek testua jarraitzen dute poliki-poliki. Bestalde, binakako irakurketa dago, mahaietan eserita dauden moduan, ondoan duten pertsonarekin bikotea eginez, bien artean testua irakurriko dute, puntuz-puntu eta poliki. Horrela, dituzten zalantza guztiak lehenik ondokoarekin argitzen saiatuko dira eta gero ezin badute, irakaslearekin. Eta besta fase bat, bakarkako irakurketa izango litzateke. Hau, klasean daudenean "isilpean" egingo dute, baina askok altuan irakurri behar dutenez, baxu egiten dute besteei oztopatu gabe. Hala ere, hau ez dute klasean bakarrik egiten, etxean testu hauek irakurtzen dituzte, ozenki. Horretarako, eskatzen zaie gurasoen edo heldu baten haurrean egitea irakurketa hau, etxekoek lagundu ahal izateko. Testu hauek, beste aldean galdera sorta bat izaten dute eta batzutan ikasgelan erantzuten dituzte eta beste batzutan etxean, baina beti banaka. Hauek testuaren ulermena baloratzeko dira eta gainera, azalpenak emateko duten erraztasuna ikus daiteke.
  • Beste atala, liburutegia da. Ikastetxe honek, bere liburutegia du eta astero pare bat arduradun izaten ditu hau kontrolatzeko. Hauen lana gelaz-gela joatea izango da ea norbaitek etxera libururik eman nahi duen galdetuz. Baietz esaten dutenak, banaka beraiekin joango dira eta liburu bat aukeratuko dute. Arduradunek, ordenagailuan jarriko dute, zein den hartu duen liburua eta nor den etxera eraman duena. Gure kasuan, bat hartu aurretik tutoreari erakusten diote liburua ea egokia den jakiteko, euskaraz irakurtzea komeni zaien, gaztelaniaz komeni zaien edo beraientzat esfortzu handia izango den jakiteko. Liburua bueltatu nahi dutenean, berriro ere ordenagailuan apuntatuko dute arduradunek eta bere apalean utziko dute. Proiektu honekin gerta daitekena da, irakasleak ezin duela honen kontrolik eman eta ez dakiela benetan liburu hauek etxean irakurtzen dituzten edo motxilan bueltaka erabiltzen dituzten.
Resultado de imagen de libreria niños dibujo"
Beste proiektua zaharren egoitzara joatea da. Astero gela bakoitzetik ikasle bat joaten da ordu bat pasatxo egotera. Egia esan ez naiz beraiekin joan inoiz baina haurrek azaldu didatenez bertan lau txoko dituzte eta bakoitzari bat egokituko zaio. Nire gelakoei lorezaintza tokatu zaie eta astero, egoitzara joaten denak, horrekin lotutako hainbat ekintza egingo ditu: landare txarrak kendu, batzuk landatu, ureztatu... Eta dirudienez, ondo aritzen badira, amaieran masajeak ematen dituen sofa bat probatzeko aukera izaten dute. Beste txokoen artean, sukaldaritza eta garbiketa daude, beraz, hauekin eguneroko bizitzako lana ikus dezaketela iruditzen zait eta beraiek egin beharko dituzten gauzak direla ikustarazten die. Beharrezkoa den zerbait dela iruditzen zait haurrek lan hauek nolakoak diren ikustea eta etxean gurasoek zenbat lan egiten duten jabetzea. Askotan iruditzen zaie normala dela etxean beraiek eserita egotea eta gurasoek beraiei gauza guztiak prestatzea, baina adin hauetan konturatzea laguntzea ondo egongo litzatekela eta etxea guztiona dela ikustea garrantzitsua iruditzen zait.

Resultado de imagen de jardineria dibujo niños"

Bestalde, aipatu beharra dago, astean bi aldiz irratia egiten dutela eta hau ez dela proiektu bat baina hauen barruan aipatu nahiko nukeen zerbait da. Beste sarrera batean esandakoa laburbilduz, irratian beraiek parte hartzeko aukera dute, bertan hitz eginez, eta horretaz gain, astean bi aldiz entzuten dute eta ulertu dutena koadernoan idazten dute.


lunes, 4 de noviembre de 2019

Ikasketa-prozedurak

Kaixo!

Praktikaldiaren erdia baino gehiago pasa zaigu konturatu gabe eta egunero gauza berriak ikasten ari naizela iruditzen zait. Ikastetxeko ikasketa-prozedurak behatzeko nahikoa izan nuen lehenengo egunean ikasgelara sartu eta ikustea nik ikasi nuen metodoarekin antzik ez zuela.

Ikastetxe honetan Amara Berri sistema dute, beraz ez dute libururik. Metodologia honetan txokoetan egiten dute lana, beraz, ikasleak talde txikitan esertzen dira. Ikasgelan 16 haur ditut eta gai bakoitzean 3 edo 4 txokotan banatzen dira, bakoitzean atal ezberdin bat landuz (adibidez, matematikako txokoak hauek dira: neurri tailerra, diseinutegia, problemak eta kontularitza, guztiak jolas txokoarekin txandakatuz).


Esan bezala libururik ez dute beraz, klasera heldu orduko ikasle bakoitza bere txokoan esertzen da eta egin behar duen lanari ekiten dio. Bakoitzak bere koadernoa du eta txoko bakoitzerako karpeta bat dute ariketa guztiekin. Bertako ariketa bat hartu eta lan metodoa jarraituz ariketa egiten dute, zuzentzen dute eta ondoren irakasleak zuzentzen die. Lan metodoa ikasleek jarraitu beharreko pausoak dira, adibidez:

1- Irakurri ariketa eta ez baduzu ulertu, jarraitu irakurtzen ulertu arte.
2- Pentsatu nori idatzi nahi diozun gutuna.
3- Pentsatu zer den esan nahi diozuna.
4- Idatzi ezazu gutuna.
5- Zuzendu ezazu puntu hauek jarraituz...
6- Irakaslearekin zuzendu.
7- Garbira pasatu.

Beraz, honek ikasleak modu autonomo batean lanean aritzea sustatzen du, klasera heltzen direnean beraien lana zein den badakitelako eta, lan bakoitza amaitzen dutenean, kontrol orrian apuntatuko dute zein den egin duten lana. Beste sarrera batean esan bezala, 3. eta 4. mailako ikasleak nahasturik daude ikasgeletan, zikloetan banatzen direlako. Txokoetan maila bakoitzeko 2 egoten dira gutxigorabehera, eta horrela beraien artean laguntzea lortzen dute. Normalean laugarren mailakoek ariketa hauek eginak izango dituzte eta horrela hirugarrengokoei lagunduko diete gauza berriak ikasten, bientzat aberasgarria izango den berdinen arteko ikasketa emanez. Denbora bat pasa ondoren talde bakoitza txokoz aldatzen da, ez da arlo guztietan berdina izaten, bakoitzean denbora kantitate ezberdina behar baitute ondo lantzeko.

Baliabide didaktikoei dagokienez, ikasgela guztietan arbela, arbel digitala, tabletak eta ordenagailuak dituzte. Hauei erabilpena ordea ez da hain handia, batez ere arbel digitala ia ez dutelako erabiltzen, ingelesean erabiltzen ikusi dut baina oso gutxi. Aldiz arbel normala, erabiltzen dute, bai irakasle eta bai ikasleek, noizbehinka azalpenen bat emateko edota aurkezpenen bat egiteko erabiltzen dituzte. Txoko askotan ordenagailuarekin egin beharreko lanen bat egoten da, horrela IKT-en erabilpena sustatzeko asmoz, baina nahiz eta tabletak egon, ez ditut ikusi hauek erabiltzen.

Ikaskuntza tradizionalean ez bezala, talde bakoitzak ikasgela bat izan beharrean, gelak arlozka doaz, beraz ikasleak dira gelaz gela mugitzen doazenak. Gehienak korridore berdinean dituzte beraz ez dute ikastetxean gora eta behera ibili behar. Berriro ere konparazio bat eginez, irakaslea ez da ia inoiz ikasgela guztiaren aurrean jartzen klasea emateko, gidari lanetan aritzen baita. Ikasleek eskua altxatzen dutenean hau laguntzera joaten da banan- banan azalpenak ematen, txoko guztietatik pasatuz. Honekin lehen esan dudan autonomia hori ikus dezakegu, ikasle bakoitzak behar duenean eskatzen diolako laguntza irakasleari. Baina honekin arazo bat ikusten dut, nahiz eta oso ondo planteatuta ikusten dudan ikasleek lana beraien kabuz egitea eta beraien artean laguntzea, askotan, ezer egiteko gogorik ez dutenek ez dute egingo eta atzean geratuko dira. Egia da metodologia honekin guztiak ez doazela erritmo berdinean eta ez zait beharrezkoa iruditzen, baina batzuk ez dute nahi aurrera joan eta ataskaturik gelditzen dira. Honetarako, matematikan esate baterako, errefortzu klaseak deiturikoak izaten dituzte, astean behin ikasten ari direna errepasatzen dute bai irakaslearekin, edo bai beraien kabuz. Hau modu batera edo bestera izan daiteke atasko horri aurre egiten laguntzen diona.

Ohiko gaiez gain, harritu nauten bi ikusi ditut, alde batetik NIA eta bestetik irakurketa. NIA, balore sozialak da, eta bertan beraien autoestimoa eta errespetua lantzen dituzte. Oso gai interesgarria iruditu zait eta ni lehen hezkuntzan nengoenean horrelakorik ez genuen eta agian faltan bota nuen. Irakurketa gaian, izenak esan bezala irakurri egiten dute, ez dut denbora askorik izan hau ikusteko baina gai garrantzitsua dela ikusten dut.

Bestalde, ikasgaiak alde batera utziz, astean bi alditan irratia izaten dute (3. ziklokoek egiten dute zatirik handiena) entzumena lantzeko. Hau entzun eta albisteak zein diren idatzi behar dute, irakasleak arbelean laguntzen dien bitartean. Aldizkari bat era badute, (hau ere 3. ziklokoek egina) Gaztegiro izenekoa, jolas ezberdinak eta albisteren bat agertuz.

Guztia laburbilduz esan dezaket metodologia hau asko gustatzen zaidala, ikasle bakoitzak asko pentsatu behar duelako eta ez diotelako guztia eginda ematen. Txokoetan esertzearen alde on ugari argi ikusten dira, batez ere beraien artean laguntzea eta autonomia. Nahiz eta alde txarren bat izan dezaken, pertsonalki ongi funtzionatzen duela esan dezaket eta neuk ikasi nuen modua baino askoz aurreratuagoa da. Nola hobetu pentsatzen jarriz gero, ez nuke jakingo zer aldatu edo nola aldatu, zerbait emateko beste zerbait kendu beharko niolako eta egia esan, orekan ikusten dut metodologia hau.

Hemen lan metodo baten argazkia:

martes, 29 de octubre de 2019

Aniztasuna



Kaixo!

Jada bi aste egin ditut Zestoako herri ikastetxean praktiketan eta bai nire gelan eta bai ikastetxean orokorrean dagoen aniztasunaz konturatu naiz.

Nire ikasgelan kultura aniztasuna nabaritu dut, Zestoan jaiotako ikasleez gain, ikasle Dominikar, Marrokiarrak eta abar baititut gelan. Baina horretaz gain eskolako beste haurrak ikusiz, nabari da kultura oso ezberdinak ikusi ahal direla ikastetxean. Horretaz gain, nire ikasgelan genero aniztasuna aurki dezakegu, kopurua nahiko orekatua baitago neska eta mutilen artean.

Baina aniztasuna ez da kultura edo generoaren inguruan aritzea bakarrik, hitz horrek ezberdintasun guztiak hartzen ditu barnean. Ikasgelan, ikusi ditut lanean bakarrik aritzea gustatzen zaien ikasle asko eta alderantziz, ahal den guztian laguntzea nahi dutenak. Bestalde lanerako gogoarekin dauden haur batzuk ditut ikasgelan eta beste batzuk etxean gelditzea nahiago dutenak edo beti jolasean aritu nahi dutenak. Ikasle guztiak oso ezberdinak dira beraien artean, eta nahiko harrigarria iruditu zitzaidan, hain ezberdinak direnak batera esertzeko gogoa izaten dutela sarritan, uste bainuen hau beti berdinen edo antzekoan artean ematen zela. Guztioak gara oso ezberdinak baina egia da batzutan gure antzekoen bila ibiltzen garela, baina oso garrantzitsua iruditzen zait ikasle guztiak bustitzea eta jende oso ezberdina ezagutzera animatzea. Bakoitzarentzat izugarri aberasgarria izan daiteke pentsamendu, izaera, kultura eta abar ezberdinak dituen jendea ezagutzea eta hauekin hitz egitea, gauza berriak ikasteko aukera izan daitekelako.

Metodologia honetan, beste sarreretan esan bezala, 2 maila batera daude, beraz, 3. eta 4. mailak ditut ikasgela berdinean, hemen ere ikus daiteke nolako ezberdintasunak dauden eta nola laguntzen diren beraien artean. Ez soilik 4.mailakoek 3.mailakoei, baizik eta guztiek guztiei. Hor ere ikusten da aniztasuna, ikasle batzuk arlo batzutan dituzten erraztasun edo zailtasunetan. Nahiz eta 4. mailan egon ez du esan nahi gai guztiak hobeto jakin behar ditunik eta maila bat beheragoko ikasle batek lagundu diezaioke.

Bigarren zikloko ikasle guztiak joan den astean bi egun kanpoan izan ziren eta aukera izan nuen egun batean lehenengo zikloan egoteko eta bestean hirugarrengoan. Hor ere oso argi ikus daiteke nola aldatzen den ikasgela batetik bestera bai lan giroa eta bai klasea emateko modua, ez da berdina ikasle oso isilak dauden gela baten edo hitz egitea uzten ez duten gela baten irakastea.

Beraz, aniztasuna ikusi dut atal askotan, pertsona bakoitza oso ezberdina baita, horrek talde ezberdinak sortzen ditu eta horrek irakasleari moldatzea eskatzen dio. Zein ikasle mota dituen aztertu, ea behar bereziak dituzten ikusi eta ikasgelako giroa eta taldeen antolaketa moldatu beharko ditu faktore askoren arabera.

Resultado de imagen de diversity in classroom

lunes, 21 de octubre de 2019

Hezkuntza Komunitatea

Kaixo!

Jada aste bat noa Zestoako Herri Ikastetxean bigarren zikloan eta metodologiaren funtzionamendua ikusteko denbora nahikoa izan dut.

Haurrek egunero ordutegi berdina dute, goizean 9:00tan sartu eta 12:30tan ateratzen dira (tartean 10:30-11:00 atsedena eginez), 45 minutuko klaseak izanik. Arratsaldean aldiz, 14:30etatik 16:30tara izaten dute, ordu bateko bi klase.

Bigarren zikloan 4 gela daude, bakoitza 3. eta 4. mailako ikasleez osatua. Gela bakoitzak kolore baten izena du, adibidez nirea berdea da. 16 ikasle daude eta gutxigorabehera erdiak maila batekoak eta beste erdia bestekoak dira.

Ez dute guztia espazio berean lantzen, gela bakoitza ikasgai ezberdin baterako erabiltzen dute, beraz, ikasleak dira mugitzen doazenak. Bertan, gela bakoitza txoko ezberdinetan banatzen da eta txoko bakoitzean talde bat esertzen da. Han paper bat dute paretan itsatsia egin behar dituzten lan ezberdinen izenekin. Banaka lanak aukeratu eta karpeta batetik lan metodoa hartzen dute eta indibidualdi lanean hasten dira. Txoko horretan egon behar duten denbora amaitutakoan txosten bat osatzen dute egin dituzten lanak bilduz eta txokoz rotatzen dira, horrela poliki-poliki atal guztiak landuko dituzte.

Ikasleak nahiko autonomoak dira eta irakasleak azalpenak bakoitzak eskatzen dituenean ematen ditu, oso gutxitan gela osoaren aurrean (errefortzu klaseetan bai). Noizbehinka PT-ak sartzen dira klaseetan haur konkretu batzuei laguntzeko, beraien ondoan eseriz eta azalpenak emanez ulertzen ez dutenaren inguruan.

Metodologi honekin asko ikasten ari naiz, ez bainekien ikasleek holako modu autonomoan lan egin zezaketenik. Klasera sartzen naizen bakoitzean ikasleak eserita daude bakoitzak behar dituen gauzak mahaian dituela. Gainera asko ikusi dut 4. mailakoek nola laguntzen dieten 3. mailako ikasleei eta nola benetan baliagarria izan daiteken.

martes, 15 de octubre de 2019

Aurkezpena

 Kaixo,

Amaia Matxinea naiz, Azkoitiarra. 19 urte ditut eta Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikaslea naiz. Atzo nire praktiken lehenengo eguna izan zen eta zehazki Zestoako herri ikastetxean hasi nintzen. Bertan bigarren zikloan kokatu naute, metodologi ezberdina baidute eta mailak binaka batera doaz (nire kasuan 3 eta 4 mailak).

Praktika egonaldi honekin asko ikastea espero dut zentru honetan duten metodologia ezberdinagatik. Txokoetan lan egiten dute eta haurrak oso autonomoak dira, espero dut nire parte hartzea handia izatea benetan ikus dezadan nolakoa den irakaslea izatea eta ikastetxe baten funtzionamendua. 

Nire 6-12 urteko etapa gogoratzen jartzen naizenean, ikus dezaket eskolara joaten nintzenean irakasleari entzuten denbora asko pasatzen genuela, arbelera begira, kopiatzen... Irakasleari entzutea garrantzitsua da baina ezin dizu dena eginda eman, esperimentatuz ikasten da, beraz espero dut praktika egonaldi honetan, azken urteotan metodologiak nola aldatu diren ikustea.