lunes, 18 de noviembre de 2019

Nire esperientzia

Kaixo!

Lehenengo praktikaldiaren amaiera heldu da eta egia esan oso sentsazio onarekin gelditu naizela esango nuke. Uste dut praktikaldi honi etekin handia atera diodala eta gauza berriak ikasteko balio izan didala.

Zestoako herri ikastetxean egin ditut praktikak eta hemen duten metodologia gutxi ezagutzen nuenez asko ikasi dut bere buruz. Amara Berri sistema dute, hau da, txokoetan egiten dute lana. Honi esker ikusi dut bi maila nahastuta egotean nola laguntzen diren beraien artean taldeetan daudenean. Uste nuen ikasleek besteei laguntza eskatzerako orduan gogorik gabe erantzungo zutela, baina, orokorrean gogoz erantzuten eta laguntzen ziren. Honetaz gain, metodologia honek ematen dien autonomiagatik ez nuen gauza handirik espero eta uste nuen asko oso galduta ibiliko zirela eta ez zutela ezer egingo. Egia da, beti daudela ikasle batzuk bakarrik lan egitea kostatzen zaiena edo gogorik gabe hartzen dituztenak lanak, baina hala ere, orokorrean, oso ongi moldatzen direla esan daiteke.

Ikasleei eskeintzen zaien laguntzen inguruan, ikusi dut ez dela nahikoa. Nire ikasgelan 16 haur zeuden eta hala ere tutoreak ezin zien guztiei lagundu eta askotan, ni egoteak pixkat errazten zuen lan hori, ni ere ariketak zuzentzen nengoelako. Batzutan laguntzailea sartzen zen ikasle konkretu batzuei laguntzeko baina, nire iritziz, beste haur askok ere laguntza behar zuten eta ez dute jasotzen. Honekin esan nahi dudana da, haur kopuruko irakasle nahiko ez daudela, eta gainera, laguntza berezia behar duten guztiek ez dutela jasotzen. Hori ez da ikastetxe honen kontua soilik, beste lekuetan berdina gertatzen da, publikoan behintzat. Hezkuntzan inbertsioa egin beharko litzateke, ez da nahikoa dituzten errekurtsoekin.

Esan dezakegu irakasle/laguntzaile papera hartu dudala praktikaldi honetan. Egia da klasean ordena ez dudala nik jarri eta ez naizela izan beraientzat klasea ematen zuena, baina askotan nigana jotzen zuten galderak egiteko edota laguntza eske. Askotan gertatzen zitzaidan, ez nituela beraien lanak kontrolatzen eta ezin niela lagundu neuk ere ez nekielako zein zen erantzun egokia eta metodo egokia, baina beti saiatzen nintzen laguntzen edo ahal zen zuzenen erantzuten. Askotan ortografia akatsak ziren zuzendu beharrekoak eta hori neuk egiten nuen. Beraz, nire tutore zenak, eta beste irakasleek, uzten zidaten parte hartzen eta neuk ikusi nahi nuena ikusten eta lantzen.

Heldu nintzen lehenengo egunean uste nuen haurrek ez zidatela utziko laguntzen baina lehenengo aldiz baten ondoan eseri nintzanean galdetzeko zein lan egiten ari zen, gustora azaldu zidan eta gainera galdera bat egin zidan. Hortik aurrera, besteak ere niri laguntza eske hasi zitzaizkidan eta egia esan, oso ondo tratatu naute guztiek, bai irakasle eta bai ikasleen partetik. Haurrek nahiko konfiantza hartu zuten nirekin eta esaten nienean lana egin behar zela askotan, kasu egiten zidaten nahiz eta gogo handirik ez izan.

Uste dut, han zeuden irakasleak oso eredu onak izan direla niretzako eta horregatik eta metodologia honi esker, etekin handia atera diodala praktikaldiari. Txokoetan egoteak, haurrengana gerturatzea errazten zuen, beraien ondoan eseri eta txoko berdinean aste bat pasatzen nuen gutxigorabehera. Horrela, txokoa pixka bat kontrolatzera heltzen nintzen eta funtzionamendua ulertu. Praktikaldi honi esker gauza asko beste era batera ikusten ditut orain eta uste dut etorkizunean aplikatzeko oso egokiak izango direla, eskoletako errealitatea ikusteak lagundu egin dit,

Laburbilduz, oso esperientzia ona izan dela esan dezaket eta nire ikuspuntuan influentzia izan duten gauza asko bizi izan ditut. Amaiera ezinhobea izan zuen eta haurrek egin zizkidaten marrazki eta testuek dena esaten dutela uste dut. Asko eskertu didate laguntzea eta nirekin oso ondo pasatu dutela diote, oso sentsazio onarekin eta poztasunez betea irten nintzen handik azken egunean.


No hay comentarios:

Publicar un comentario