Mostrando entradas con la etiqueta #AinhoaCruz. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta #AinhoaCruz. Mostrar todas las entradas

sábado, 16 de noviembre de 2019

PRAKTIKALDIA AMAITU DA


Urriaren 14an hasi zen abentura berri hau, barruan daukagun irakaslea atera eta ikasgela batean nola moldatzen garen ikusteko aukera, hilabete (bost aste) iraungo zituena. Hasi baino lehenagoko egunetan, beldur pixka bat nabari zen nire barruan, posibilitate txiki bat baitzegoen esperientzia hau ez gustatzea. Baina, beldur horiek alferrik etorri ziren, izan ere, oso pozik nago bizitako esperientzia honekin, zoragarria izan da: Eskolak emateko metodologia berri bat ezagutu dut (asko gustatu zaidana, eta irakasle izatean halakoa edo antzerako metodologia batekin lan egitea gustatuko litzaidake), ume hain txikiekin lan egitearen abantailak eta baita desabantailak (pare bat) ere ikusi ditut.

San Andres eskolan bost aste hauetan bizi izandako bizipenak oso politak eta positiboak izan dira, izan ere, haur hauek lehenengo egunetik besoak zabalik hartu ninduten gelan, eta, beste andereño bat izango banintz bezala ikusten ninduten, ez praktikari bezala: Lan bat egiterakoan niregana ere hurbiltzen ziren nik zuzendu ahal izateko, zerbait egiten ez zekitenean deitzen zidaten eta laguntza eskatzen zuten.
Zorte handia izan dut egokitu zaidan tutorearekin, izan ere, aurretik ezagutzen nuen, nik ikasitako ikastolan egon zen lanean, eta nire ahizparen tutorea izan zen. Lehenengo egunetik oso ondo tratatu nau, ikasle guztiei buruzko informazio eman dit: Adibidez, ikasle bat medikatuta zegoela TDH zeukalako, beste ikasle baten familiako egoera egokia ez zela, etab.

Irakasle txukuna izateko, behar beharrezkoa da ikasleak berdin berdin tratatzea, eta, kasu edo atentzio berdina ematea guztiei haurrek antzeman dezatelako eta hain txikiak izatean, faboritismoa dagoela uste ahal dutelako (askotan ezinezkoa izaten da, haur batzuek atentzio gehiago behar izaten dutelako).
Gainera, klasean adimen maila desberdina daudela kontuan hartu behar da irakasle bezala, eta ezin dutela denek fitxa edota ariketa berdina egin, exigentzia maila handiagoa da adimen maila altuagoa duten pertsonentzat.

Bukatzeko, gehitu nahiko nuke, praktikaldia oso motza egin zaidala, hilabete oso motz geratzen da, klaseko dinamika ezagutu orduko, agur esateko ordua heldu da. Oso esperientzia aberasgarria izan da, hurrengo praktikaldia hasteko irrikitan nago. Baina, orain, gure irakaslearen aulkia igotzea tokatzen da, datorren urtera arte.



domingo, 10 de noviembre de 2019

PROIEKTUAK



Praktiken amaiera ate joka daukagun honetan, eskolako proiektuez mintzatzea tokatzen da.
San Andres eskolan, gaur egungo eskola askotan bezala, Agenda 21 proiektuak indar handia dauka, izan ere, ingurugiroari buruzko hainbat alde edo alorrek zein garrantzia duten eta hori ekiditzeko planetaz ohartzea du helburu.




Nire tutoreari galdetu nion proiektu honi buruz, eta, hilero hainbat ekintza egiten dira, mailaka. Maila bakoitzak gai berdinari buruzko ekintzak egiten ditu. Adibidez, aurreko hilabetean, urrian, kutsadura izan zen gaia, eta, 2.mailan, tutoretzan bi klaseak elkartu ziren, eta kutsadurometroa egin zuten: Kutsadurometroa kutsadura neurtzeko aparatua da, kartulina batekin egin zuten. Gaur egun gehien kutsatzen duten aparatuak 1etik 100era bitarteko zenbakietan kokatu behar zituzten. Gehien kutsatzen zuten aparatuak, aerosolak eta autoak atera ziren, gehiengoak hala erabakita (aurretik informazioa eman zitzaien gaur egungo kutsadura zerk bultzatzen duen).


Oraingo hilabete hontan, beste gai bati buruz jardungo dute: Birziklapena. Gai honen inguruan, San Andresen, kontzientzia handia dago, badakite zein den gaur egungo egoera, eta, zein kontenedoretara bota behar den zer oso argi daukate. Datorren astean egingo dute ekintza bat honi buruz, mailaka berriro ere, adina eta mailari dagokion ekintza.



domingo, 3 de noviembre de 2019

IKASKETA-PROZEDURAK



Arratsalde on!

Hirugarren astea amaituta, gero eta gutxiago geratzen da Praktikum-a amaitzeko, eta, egia esan, asko ikasten ari naiz, bai irakasle izango naizenerako eta baita ikuspen soziologikorako ere; izan ere, egunero ikasten da umeen harremanei buruzko zerbait, nola konpontzen diren kultura desberdinak dituzten umeak, nolakoa den ikasle-irakasle harremanak, etab.

Ikasketa-prozedurei buruz hitz egitea tokatu zaigu aste hontan, eta, hiru aste honetan ikusi eta ikasitakoaz giatuko naiz: Gure eskolako ikasketa prozedura ez da tradizionala, hau da, irakaslea ez da hitz egiten egoten eta ikasleak adi egoten hari entzuten, eta, gero, entzundakoa apuntatu.

San Andres eskolan, metodologia berri baten bidez lan eta ikasten dute irakasle eta ikasleek: Lehenik eta behin, ez dago inolako testu libururik edota ikasketa plana jarraitzeko erabiltzen diren libururik kurtso batean ere; horren ordez, fitxak, ordenagailuak, interneta, entziklopediak,... erabiltzen dituzte. Nire mailan (2.mailan), ikasleek fitxak erabiliz ikasten dituzte matematikak, txikiz idazten,etab. Fitxez gain, arbel digitala asko erabiltzen du irakasleak, ikasleei informazioa erakusteko gai bati buruz. Adibidez: Saturnori buruzko informazioa horri batean idatzita dauka, eta, arbelaren bitartez, haurrek irakurtzen dute eta ideia nagusienak ateratzen dituzte, gero haiek txostenean idatzi ahal izateko.

Metodologiarekin jarraituz, ez dituzte ikasgairik beste eskoletan bezala; hau da, beste eskoletan ingurunea, matematikak, euskara, eta besteak ematen diren heinean, San Andresen proiektuak eta txokoak dira ikasgaiak. Proiektuka lan egiten da, alegia, kurtso bakoitzak hilabetero gai desberdinei buruz lan egiten dute, eta, horren inguruan lantzen dira matematikak, hizkuntzak edota gorputz hezkuntza. Orain, 2.mailan espazioa da proiektuan lantzen ari direna, beraz, hilabete oso honetan proiektua tokatzen denean, gai honekin lotutako informazioa biltzen ari dira.

Proiektua tokatzen ez denean, txokoka egiten dute lan: Txokoak 5 pertsonak osatutako taldeak dira, adimen mota desberdinetakoak, helburua talde lanean fitxak egitea eta talde lan hori zein garrantzitsua den helaraztea delarik. Askotan, lana egiten gutxiago kostatzen zaienek arazoak dituztenei laguntzen diete, eta, elkarlanean, fitxa amaitzera heltzen dira. Egunero txoko desberdinak lantzen dira, adibidez, matematikak lantzen badituzte, hurrengo egunean idazmena landuko dute, beste batean margotzea, etab.

sábado, 26 de octubre de 2019

ANIZTASUNA




Iada bi aste bete ditut praktikaldian, eta, egunero zerbait berria ikasten dudanaren pertzepzioa daukat. 7 urteko umeak dira, eta, denbora osoan gainean egon behar zara irakasle bezala, oso dependienteak dira oraindik, eta, beraiek gauza bakar bat egiteko zu ondoan egon behar zara edota zuregana joaten dira edozein zalantza dutela.

Aniztasunaren inguruan, gelara sartu orduko konturatu nintzen haur oso desberdinez osatuta zegoela, izan ere, neskak eta mutilak izateaz gain, sorterri, kultura eta arraza desberdinetako haurrak daude: Euskaldunak, Marrokiarrak, Ijito bat, Errumaniar bat, Kolonbiar bat eta Kubatar bat ( astebete da etorri zenetik). Egoera honek, hainbat alde positibo ekartzen ditu, baina baita zenbait negatibo ere: Kultura eta hizkuntza desberdinez hitz egiteko aukera ematen du; adibidez, tutoretzan, tutoreak euskaraz esaten zituen asteko egunak, eta, hauetako batek ulertzen bazuen bere hizkuntzan esaten zuen. 

Baina, bere alde txarrak ere ekartzen ditu: Gelako erritmoa ezin dute jarraitu askotan, hau da, matematiketan, esaterako, matematiketan oso atzeratuta dabiltza hauetako asko, izan ere asko kostatzen zaie ariketa euskaraz ulertzea eta gero matematikoki pentsatzea erantzuna eman ahal izateko.

Oraindik euskaldunak ez direnak, hau da, euskara kontrolatzen ez dutenak, irakasle batekin joaten dira, gure hizkuntza erakusten die fitxatxoak eta ahotsa erabiliz, eta, pixkanaka pixkanaka badoaz ikasten eta soltura hartzen hitz egiterako orduan.

Aipatutako aniztasun honetaz gain, beste aniztasun bat ikusten dut: Gelako batzuk oso argiak eta azkarrak dira, beste batzuk ez dira hain argiak eta pixkatxo bat kostatzen zaie ariketa bat egitea, aurrekoei baino gehiago; eta, azkenik, laguntza handia behar dutenak daude, bakarrik ezin dutenak egin ariketa askorik. Hauek, talde homogeneoak deitzen dira, eta hiru taldetan banatzen dira: Lehenengoak hirukiak dira, bigarrenak karratuak, eta, azkenak, aldiz, borobilak. Talde homogeneoak bi aldiz elkartzen dira astean, bi klasetan, alegia, eta bakoitzak bere ahalmenarekin bat datorren fitxa bat egiten du, askotan matematikakoa izaten dena.


martes, 22 de octubre de 2019



Ikasle talde berdinarekin astebete igaro ostean, gela honen funtzionamendua nahiko kontrolpean daukadala esango nuke. Eskola honen ordutegia hurrengoa da: Goizeko bederatzietan sartzen dira klasera, eta, hamabietan joaten dira etxera edo jantokira, ordubiterdiak arte (bazkalordua dena). Arratsaldeko saioak ordubi terdietatik lauterdietara arte izaten dira.

Eskola honek proiektuekin funtzionatzen du; hau da, kurtso bakoitzari hilabetero (gutxi gora behera) gai bat esleitzen zaio, eta, ikasgai guztietan gai horren inguruan lan egiten da. Nire gelan, 2.mailan, Espazioa da proiektuaren gaia, eta, adibidez, gorputz hezkuntzako klase batean antzarraren jokoa jolastu zuten, tamaina handiko alfonbra batean, izena aldatuta zeukan Zulo Beltza, alegia. Jolasaren arauak originalaren bezalakoak ziren, zerbait aldatuta: Jausten ziren zenbakian jolas bat tokatzen zitzaien, espazioaren inguruan zerikusia zeukatenak, hauetako bat konstelazioak irudikatzea taldeka gorputzarekin.

Arratsaldero, lehenengo orduan, Zirkulazio Librea izeneko klasea ematen da: 2.mailako bi klaseak batzen dira, eta bi geletatik zehar ibiltzen dira, txokoetan banatuta. Txoko bakoitzean joko desberdinak daude: Puzzleak, Legoekin eraikinak egitea, K´nex ekin figurak egin, marrazki txokoa ( marrazkia aukeratuta dago, eta astero aldatzen da). Nire eskolako tutoreak azaldu zidan metodo honek harremanak bultzatzen dituela ikasleen artean, eta buruaren errendimendua bultzatzen du arratsaldeko orduan izan ohi ez den bezala.


sábado, 12 de octubre de 2019




Kaixo, Ainhoa Cruz naiz eta Ermuan bizi naiz. Nire praktikak Eibarko San Andres eskolan egingo ditut, 2. mailan. Ermuan ezin ditzaket egin, Bizkaia delako eta Gipuzkoan egin behar direlako.

Oso interesatuta nago praktikak egitearekin, orain ikusiko dudalako eta konprobatuko dudalako benetan ofizio hau gustuko dudala edo ez, eta, nik uste dut gustatuko zaidala, izan ere, asko gustatzen zait nik dakidan guztia beste pertsona ezberdinei helaraztea.
Asko gustatzen zait haurrekin egotea, eta, betidanik argi eduki dut irakaslea izan nahi nuela, batxilergoan hainbat gorabera izan arren gai honen inguruan.

Aisialdirako monitore titulua atera berri dut, eta, udan praktikak egin nituen, haur txikiekin, eta, oso esperiantzia polita izan zen niretzat: Haiek nagusiengandik ikasten duten aldi berean, gu haiengandik ikasten dugu, hain txikiak izan arren, gauza askotaz jabetarazten zaituzte.