martes, 19 de noviembre de 2019

PRAKTIKALDIA AMAITZEN DA

Kaixo!

Iritsi da amaiera. Iritsi da azken sarrera. Lehenengo eguna gogoratzean gauza onak bakarrik etortzen zaizkit nire burura. Ez dut ahaztuko lehenengo eguneko urduritasuna, ezta umeek eskaintzen zizkidaten begirada konplizeak ere. Asko esan nahi zuten begiradak. Praktikaldia ia hutsa zegoen motxila batekin hasi nuen eta umeekin izandako esperientzien bidez piskanaka betetzen joan da. Hala ere, asko falta da guztiz betetzeko. Hain zuzen ere, nik uste dut ez dela inoiz osorik beteko.

Praktikaldi hau, aurreko sarreretan aipatu bezala Karmelo Etxegarai ikastolan burutu dut. Metodologia berri bat ezagutu dut. Kontua da, irakasleentzako ere berria zela hura, izan ere, aurten jarri dute martxan metodologi hau hirugarren zikloan. Hirugarren zikloko ume guztiak nahastuta egoten dira ikasgeletan. Baita azpitaldeetan ere, hau da txokoetan. Ikasgai bakoitzean txoko desberdinak zituzten eta azpitalde bakoitza, maila, gaitasun eta genero desberdinetako ikasleek osatzen zuten. Lana bikoteka egitean proportzionatutako bikoteak jartzen zituen irakasleak eta horren bidez ikusi dut posible dela mailaka nahastuta egotea ikasleak.

Talde bakoitzak ibaien izen bat zuen. Hasieran uste nuen desberdintasun handia egongo zela maila bateko eta besteko ikasleen artean eta ez zutela seigarren mailakoek bosgarrengokoek adina ikasiko. Praktikaldia egin ondoren, ikasle batetik bestera alde handia dagoela ikusi dut baina mailak ez duela horrenbesteko zerikusirik. Izan ere, ikasgelako gaztetxoenetako batzuk zaharrenetako batzuk baino hobeto moldatzen ziren.

Hori aniztasunaren fruitu dela esango nuke. Horren inguruan ere umeei esker asko ikasi dut. Ikasgela aniztasunez betetzen zuten beraiek sartzen ziren bakoitzean. Guztien artean ikasgela berezia izatea lortzen zuten. Gauzak batetaz ohartu naiz ordea, 24 ikasleri beharrezko atentzioa eskeini nahi izanez gero, irakasle bat ez da nahikoa. Izan ere, nire laguntza zuenean askoz errazagoa zen ikasle guztiei beraien zalantzak argitzea baina bakarrik egonez gero, uste dut ez dela horren erraza izango. Bestalde, arazoak zituzten umeak ere bazeuden eta batzuen kasuan ezer nabaritzen ez zen arren, beste batzuenean nabarmena zen eta hori aurrera eramatea ez zen erraza, ez beraientzat, ez irakasleentzat. Izan ere, klaseak oztopatzen zituzten. Hala ere, arazorik ez zutenek ere oztopatzen zituzten klaseak oso hiztunak zirelako. Beste ikasle batzuek berriz asko laguntzen zuten klasea ematerako garaian. Hori guztia aniztasunaren fruitu da.

Amaitzeko esan nahi dut ikastola honek eskaini didan aukera zoragarria izan dela eta ahal nuen zuku gehien atera diodala. Ez ditut ahaztuko ikasleekin eduki ditudan elkarrizketak, egin ditugun jolas guztiak, botatako barreak, erakutsi didaten guztia, laguntzen egon naizen momentuak, eskerrak ematen zizkidaten uneak.... Irakasleek dena ongi joan dadin egiten duten lan guztia ere ez dut ahaztuko, ezta ikastolako ordutegiaz kanpo sartzen zituzten ordu guztiak ere, ikasleak guztiak ongi egoteko egiten zuten ahalegina, dudaren bat nuen bakoitzean niri laguntzeko zuten gogoa... Ahaztezinak izango dira azken eguneko irribarre, negar eta opariak. Ez ditut Arga, Ibaizabal, Urola eta Irati taldea ahaztuko. Hau ez da agur bat, gero arte bat baizik. Mila esker aukera hau eskeintzeagatik.

NIRE ESPERIENTZIA


Kaixo!

Dagoeneko Praktikaldiaren azkeneko astea bukatu da eta agur esan beharko diot La Salle Legazpi ikastetxeari pena handiarekin eta berriro ere, kaixo esan gure fakultateari.

Nire txikitako eskola da La Salle eta bertako irakasle gehienak, guztiak ez esateagatik, ezagutzen nituen. Baita ere, bertan erabiltzen duten metodologia, baina, esan behar dut, praktikaldi hontara nahiko urduri joan nintzela, esperientzia berria zelako. 

Lehenengo egunean, gelara sartu eta txirrina jo zuenean, nire urduritasuna handitzen hasi zen baina, ikasleak sartzen joan ziren einean eta nirekin izan zuten jarrera ikusi ondoren, asko lasaitu nintzen eta dena ondo joango zelaren sentsazioa izan nuen.

Lehenengo eguneko urduritasuna alde batera utzita, 5 aste izugarri pasa ditut beraien ondoan eta eskerrak ematen dizkiet La Salle ikastetxeko irakasleei (bereziki, nire tutoreari (Jon) eta koordinatzaileari (Elena)) asko lagundu didatelako, eta batez ere, eskerrak ematen dizkiet nire gelako (5.B) ikasle guztiei, zoragarriak izan direlako eta oso ondo portatu direlako nirekin. 

Azkeneko astea iritsi zenean, umeak geroz eta urduriago jartzen ninduten, libre zuten momentu guztietan nire inguruan zeuden ni besarkatzeko eta esaten zidaten "denbora gehiago geratu, mesedez". Alde batetik, asko gustatzen zitzaidan niregana urbiltzea eta besarkadak ematea, beraiekin oso harreman ona bainuelako. Baina, beste alde batetik, ez zitzaidan gustatzen gogoratzen zidatelako ostiralean bukatzen nituela praktikak eta joan behar nintzela. 

Azkeneko eguna iritsi zen, eta gelara sartu bezain pronto niregana etorri ziren korrika musuak emateko, marrazki batzuk emateko, opariak... Patioko orduan, bai irakasleei baita irakasleei ere, pasta batzuk eman nizkien, eskerrak emanez. 

Esperientzia hau izugarria izan da eta gauza asko ikasi ditut. Unibertsitatean teorian ikasi ditugun gauza guztiak, praktikan jarri ditut eta konturatu naiz gauza asko direla eta ez direla denak errazak, unibertsitatean ematen duten bezala. 
Irrikitan nago, hurrengo praktikaldia hasteko, baina tamalez, asko falta da.



lunes, 18 de noviembre de 2019

Nire esperientzia

Kaixo!

Lehenengo praktikaldiaren amaiera heldu da eta egia esan oso sentsazio onarekin gelditu naizela esango nuke. Uste dut praktikaldi honi etekin handia atera diodala eta gauza berriak ikasteko balio izan didala.

Zestoako herri ikastetxean egin ditut praktikak eta hemen duten metodologia gutxi ezagutzen nuenez asko ikasi dut bere buruz. Amara Berri sistema dute, hau da, txokoetan egiten dute lana. Honi esker ikusi dut bi maila nahastuta egotean nola laguntzen diren beraien artean taldeetan daudenean. Uste nuen ikasleek besteei laguntza eskatzerako orduan gogorik gabe erantzungo zutela, baina, orokorrean gogoz erantzuten eta laguntzen ziren. Honetaz gain, metodologia honek ematen dien autonomiagatik ez nuen gauza handirik espero eta uste nuen asko oso galduta ibiliko zirela eta ez zutela ezer egingo. Egia da, beti daudela ikasle batzuk bakarrik lan egitea kostatzen zaiena edo gogorik gabe hartzen dituztenak lanak, baina hala ere, orokorrean, oso ongi moldatzen direla esan daiteke.

Ikasleei eskeintzen zaien laguntzen inguruan, ikusi dut ez dela nahikoa. Nire ikasgelan 16 haur zeuden eta hala ere tutoreak ezin zien guztiei lagundu eta askotan, ni egoteak pixkat errazten zuen lan hori, ni ere ariketak zuzentzen nengoelako. Batzutan laguntzailea sartzen zen ikasle konkretu batzuei laguntzeko baina, nire iritziz, beste haur askok ere laguntza behar zuten eta ez dute jasotzen. Honekin esan nahi dudana da, haur kopuruko irakasle nahiko ez daudela, eta gainera, laguntza berezia behar duten guztiek ez dutela jasotzen. Hori ez da ikastetxe honen kontua soilik, beste lekuetan berdina gertatzen da, publikoan behintzat. Hezkuntzan inbertsioa egin beharko litzateke, ez da nahikoa dituzten errekurtsoekin.

Esan dezakegu irakasle/laguntzaile papera hartu dudala praktikaldi honetan. Egia da klasean ordena ez dudala nik jarri eta ez naizela izan beraientzat klasea ematen zuena, baina askotan nigana jotzen zuten galderak egiteko edota laguntza eske. Askotan gertatzen zitzaidan, ez nituela beraien lanak kontrolatzen eta ezin niela lagundu neuk ere ez nekielako zein zen erantzun egokia eta metodo egokia, baina beti saiatzen nintzen laguntzen edo ahal zen zuzenen erantzuten. Askotan ortografia akatsak ziren zuzendu beharrekoak eta hori neuk egiten nuen. Beraz, nire tutore zenak, eta beste irakasleek, uzten zidaten parte hartzen eta neuk ikusi nahi nuena ikusten eta lantzen.

Heldu nintzen lehenengo egunean uste nuen haurrek ez zidatela utziko laguntzen baina lehenengo aldiz baten ondoan eseri nintzanean galdetzeko zein lan egiten ari zen, gustora azaldu zidan eta gainera galdera bat egin zidan. Hortik aurrera, besteak ere niri laguntza eske hasi zitzaizkidan eta egia esan, oso ondo tratatu naute guztiek, bai irakasle eta bai ikasleen partetik. Haurrek nahiko konfiantza hartu zuten nirekin eta esaten nienean lana egin behar zela askotan, kasu egiten zidaten nahiz eta gogo handirik ez izan.

Uste dut, han zeuden irakasleak oso eredu onak izan direla niretzako eta horregatik eta metodologia honi esker, etekin handia atera diodala praktikaldiari. Txokoetan egoteak, haurrengana gerturatzea errazten zuen, beraien ondoan eseri eta txoko berdinean aste bat pasatzen nuen gutxigorabehera. Horrela, txokoa pixka bat kontrolatzera heltzen nintzen eta funtzionamendua ulertu. Praktikaldi honi esker gauza asko beste era batera ikusten ditut orain eta uste dut etorkizunean aplikatzeko oso egokiak izango direla, eskoletako errealitatea ikusteak lagundu egin dit,

Laburbilduz, oso esperientzia ona izan dela esan dezaket eta nire ikuspuntuan influentzia izan duten gauza asko bizi izan ditut. Amaiera ezinhobea izan zuen eta haurrek egin zizkidaten marrazki eta testuek dena esaten dutela uste dut. Asko eskertu didate laguntzea eta nirekin oso ondo pasatu dutela diote, oso sentsazio onarekin eta poztasunez betea irten nintzen handik azken egunean.


domingo, 17 de noviembre de 2019

Nire esperientzia

KAIXO!!

Praktiken azkenengo astea bukatuta, berriz unirbetsitatera joateko momnentua heldu da eta  pena handiarekin esan diot agur San Andres eskolari.

Eskolara lehenengo egunean joan nintzenetik oso ondo tratatu naute eta hasieratik irakasleek laguntza eskaini zidaten. Lehengo egunean, eskolara sartu bezain pronto, instalazioak erakutsi zizkidaten (aretoa, irakasle gela, bi patiak, informatika gela...). Egun horretan oso urduri sartu nintzen gelara baina umeek poz-pozik gonbidatu ninduten parte hartzera eta haiekin egotera. 

Praktiketan egon nintzen ordu guztiak oso ondo pasatu nituen klasean nahiz eta batzutan ume batzuekin haserretu, klasean pasa ditudan momentuak oso onak izan dira. San Andres eskolan asko ikasi dut, batez ere  erabiltzen duten metodologia niretzat berria delako eta unibertsitatean ikasi ditudan gauzak martxan jarteko aukera izan dudalako.

Azkeneko eguna oso gogorra izan zen danontzat, nire tutorea berak egindako pastelak ekarri zituen eta nik gluten gabeko galletak. Matematikako ariketa desberdinak egin ondoren, janaria hasi ginen banatzen eta lehenengo negarrak agertu ziren. Ordu osoaren zehar eduki nuen ikasle  bat besarkatuta eta nahiz eta irakasleak bronka bota, horrela jarraitu zuten. Nire klasean galletak banatu ondoren, beste gelara joan nintzen eta han ere batzuk negar egiten hasi ziren. Oso hunkigarriak izan ziren momentu horiek niretzat.

Opari asko eman zizkidaten (kartak ,marrazkiak, txokolatea...) baina jaso nun oparirik politena ikasle batek esan zuena da. Ikaslea niregana etorri zen eta esan zuen hiruko erregela erabiliko zuen bakoitzean ni gogoan izango zuela ni izan nintzelako hori erakutsi ziona.

PRAKTIKALDIA AMAITZEN DA

Kaixo!

          Gaurkoan etapa berri honi agur esatea tokatzen zaigu, esperientzia zoragarria izan da. Pena handia ematen dit bukatu dela pentsatzea, baina azkenean etapa bat da soilik eta datorren urtean beste bat etorriko da eta gainera luzeagoa.

          Eskolara iritsi nintzen lehen egunetik oso ondo tratatu naute eskola guztiaren aldetik. Ni oso urduri nengoen hasiera batean, baina egunak pasa ahala gusturago sentitzen nintzen. Esperientzia honek egiaztatu dit karrera ondo aukeratu dudala, eta etorkizun batean egon naizen ikastetxearen edozein bezalako irakasle bat izatera heldu nahi dudala. 

          Ildo beretik, ikastetxean erabiltzen duten metodologiari dagokionez, oso lagungarria da, ikasle guztiek dena ulertu arte behin eta berriz azaltzen dira gauzak, gainera azalpenak oso bisualak izaten dira normalean. Adibidez, matematika ikasgaiaren ordu batean, buruketak egiten hasi ziren umeak. Guztiei asko kostatzen zitzaien buruketa eskatzen zuena ulertzea, irakaslea eta biok behin eta berriz azaldu genuen eta umeak arazo berdinarekin jarraitu zuten, azkenean arbelean marrazki bat eta marrazki horren galderak egitea bururatu zitzaidan. Honi esker, lortu nuen denek buruketa ulertzea, haiei laguntzerakoan izan nuen sentsazioa sinestezina izan zen.

          Bestalde, ohikoa den moduan, dena ez da izan zoragarria, momentu gogorrak ere egon dira. Nire klasean 3 ume daude egun batzuetan bihurriago zeudenak, egun hoietan lekutik altxatzen ziren gelditu gabe, irakasleak zerbait esaten zuenean era desegokian erantzuten zioten, haien artean borrokatzen ziren eta abar. Baina egia da, irakasleak oso metodo egokiak erabiltzen zituela egoera hauen aurrean. Hau da, taldetik kanpo botatzen zituen, hau da, bakarrik jartzen zituen klasearen atzeko partean eta ez egongo balira tratatzen zituen.Umeak oso gaizki pasatzen zuten nahi zutena atentzio deitzea zelako eta zigor horrekin ezin zuten hori lortu. Momentu hauekin ere gauza asko ikasi ditut ere.

          Bukatzeko, zalantzarik gabe azkenengo eguna onena izan zen baina gogorrena ere. Irakaslea eskatu zidan beranduago joateko eskolara, heldu nintzenean umeak alfombran zeuden jarrita eta aulki batean esertzeko eskatu zidaten. Dantza bat egin zidaten, oso polita izan zen, denbora guztian egon ziren niri begira irribarre batekin. Behin bukatzerakoan, borobil batean jarri ginen eta ume bakoitzak bere sentimenduak esan zidaten, haur batek esan zidan oso irakasle ona izan naizela eta beti bere bihotzean eramango ninduela, momentu horretan hitzik gabe utzi ninduen, oso gauza politak esan zidaten. Azkenik, arratsaldean koaderno bat oparitu zidaten, koaderno horretan bakoitzaren marrazki bat agertzen zen eta marrazki bakoitzean esaldi batzuk, koaderno horren portada gure argazki bat zen. Benetan eguna zoragarria izan zen, asko hunkitu nintzen eta oraindik gehiago irakasleak hitz batzuk eskaini zizkidanean. Espero dut egunen batean irakaslea izatearen ametsa betetzea.






Praktikaldia amaitzen da

Kaixo guztioi, azkenengo blog honetan praktikaldien etapa agurtzea tokatzen zait, hilabete honetan momentu asko bizi ditut ikastetxean, gehiengoak onak, hala eta guztiz ere, izan dudan taldea bizia izan da eta askotan egoera zailak gertatu dira. 

Hasieratik, nire tutoreak ohartu zidan taldea bizia zela eta gutxi batzuk klasea eteten zutela, hori guztia jakinda gutxinaka gutxinaka haurren jarrera ikusten joan naiz eta nire tutoreak nola jokatzen zuen haiekin ikusita, ikasi nuen bakoitzarekin nola tratatu behar nuen. Nire gela, aniztasun handiko gela zen, eta ikusi nuen orokorrean denak berdin tratatzen zituela irakasleak, baina, bakoitzari bere gauzak kontuan edukita. Honela, ikasi dut ikasleek ez dutela nabaritu behar ezberdintasunik beraien artean, baina zu irakasle izanik,  kontuan izan behar dituzu haur bakoitzaren egoera familiar, sozial, kognitibo... guztiak. 

Ikasketa aldetik, ez dut zailtasun handirik izan baina egia esan, matematika arloan apur bat kostatu zait nik neuk jakindako gauzak ongi azaltzea, askotan guk automatikoki edo era teoriko batean ikasi ditugu, arrazoiketa gabe, ¨ horrela delako¨ erakutsi digute,  eta haurreri era ulerkor batean azaltzeko zaila egin zait. Hala eta guztiz ere, alde hortatik  irakaskuntza metodoan aldaketa nabaritu dut, orain azalpenak objektuen laguntzaz egiten dira, modu praktikoagoan esango nuke eta horrek mesede handia egiten die haurrei. Adibidez, hamarren familia ikasterako orduan, zein, zenbatzea lantzerako orduan, lastozko makiltxo batzuk erabiltzen genituen eta haurrek manipulatzen zituzten hamarreko taldeak eginez. 

Gehien estutu nauen arloa haurren sentimenduak kontrolatzekoa izan da, izan ere, batzuk oso inpultsiboak dira eta segituan erakusten dute gertatzen zaiena, baina beste batzuk isilagoak edo berekoiagoak dira, eta guztia beraientzat gordetzen dute, orduan zaila egiten da haieri laguntzea edo zer gertatzen zaien jakitea. Hori kontuan izanda, larri ikusten banuen norbait, beti urreratzen nintzen nire laguntza eskeintzeko eta ikus zezan besteok bezela laguntza eskatu dezaketela arazorik gabe. 

Laburtzeko, gauza asko bizi ditudala esango nuke, estutasun momentuak aurretik esan bezala, baina gehienbat azpimarratu nahi nuke haurrek duten eskuzabaltasuna. Hilabete bat beraiekin egonda, izugarrizko maitasuna ematen dizute eta gainera, bizi osorako eskertzen dute zure lana. Asko oso triste jarri dira, ni enaizela gehiago bueltatuko jakitean baina, nik ez dut sekula esperientzia hau ahaztuko eta hare gutxiago ikasleek erakutsi didaten guztia. Egunero eskertu behar da dugun guztia txikitasunetik hasita, beraiek hala egiten dute eta guk gazteok zein helduek gehiago ikasi beharko genuke beraietaz. 

Azkenengo egunean, ikasle bakoitzak marrazki bat oparitu zidan eta orain guztiek toki bat dute nire bihotzean. Hemen uzten dizuet haietako bat. 


Eskerrikasko Luzaro Ikastetxeari, emandako tratuaz eta etxean bezela sentiarazteagatik. 



Nire esperientzia

Kaixo!

Gaurkoan praktikaldiko etapari agur esatea tokatzen zaigu. Praktikaldia bukatu eta beste bi praktikaldi luzeago gelditzen zaizkigula gogoratu beharra dago.

Praktikaldiaren lehenengo eguna urduritasunez beterik zegoen. Etorkizun batean irakasle gisa lan egitea gustatuko litzaidake eta bost aste hauetan bizitako esperientziak erabilgarriak izan daitezke. Duela urte batzuk, Karmelo Etxegarai ikastetxean metodologia berria bat jarri zuten martxan. Metodologia berria taldeka ikastean eta besteei laguntzean oinarritzen da. Nire aburuz, metodologia berri hau metodologia tradizionala baino eraginkorragoa da. Metodologia berriak esperimentazioa sustatzen du. Esperimentazioaren bitartez haurrek gauzak behatu eta aztertu ditzakete.

Nahiz eta, urduri egon haurrek esku zabalik hartu ninduten. Gutxinaka-gutxinaka haurren eta nire arteko erlazioa estutzen joan da. Haurrek beste irakasle bat izango banintz bezala tratatu didate, hau da, zalantzaren bat izanez gero niri ere galdetzen zidaten. Hasiera batean, matematikatikako klaseetan egoten nintzen. Azken bi asteetan, ordea, Haritza taldearekin egon naiz. Hori dela eta, Haritza taldeko haurrekin gainerako klaseetako haurrekin baino konfiantza gehiago dut. Horrez gain, matematika ez den, beste ikasgai batzuk ikusteko aukera izan dut.

Irakasleei dagokionez, bost aste hauetan jatorrak izan dira eta laguntzeko prest egon dira. Lehenengo egunean metodologia berriaren nondik norakoak azaldu zizkidaten eta ikastetxea erakutsi zidaten. Nire tutoreari buruz, ez dut zer esanik. Praktikaldi garaian nitaz arduratu da eta nire iritzia kontuan izan du. Bestalde, ikasleen zailtasunez jakinarazi dit.

Bizitzan bezala, momentu onak eta ez hain onak ikusi ditut. Hala ere, esperientzia honetan bizi izandako momentu onak zein txarrak gogoratuko ditut. Azken finean, momento guzti horiek esperientzia berri honen parte dira.

Azken eguna emozioz beteriko eguna izan da. Esperientzia honetan bizitako momentu guztiak gogoratuko ditut. Horrez gain, ikastetxean ezagututako irakasleez eta haurrez gogoratuko naiz.








NIRE ESPERIENTZIA

Kaixo denoi!

Lehenengo aurkezpeneko sarreran aipatu nuen bezala, lana eta ikasketak batera egiten ari naiz, eta, praktikaldiaren egutegia ere aldatuta daukat, hau dela eta, astean hiru egunetan joaten naiz Zestoako eskolara praktiketan, beraz, oraindik ez dut praktikaldia amaitu. Hala ere, bost aste hauetan bizi izan dudana kontuan izanda nire esperientziari buruzko idatzi hau egitea pentsatu dut.

Zestoako eskolan igaro ditudan aste hauetan, etxean bezala sentitu naizela esan beharra daukat, bai irakasleen aldetik bai ikasleen aldetik ere. Nahiz eta hasieran, normala den bezala, ikasleekin nuen erlazioa hotzagoa izan, egunak igaro ahala gero eta konfiantza handiagoa izatea lortu dut eta ikasgelan askoz erosoago sentitzen naiz.

Tutoreak eta irakasleek ere esku zabalik hartu naute. Hasiera hasieratik eskolako metodologia azaldu eta gelako dinamika nolakoa den azaldu zidaten. Hau horrela, tutorearekin hitz egin ondoren, ikasgelako dinamika ahalik eta ongien ikusi ahal izateko, txoko bakoitzean 5 bat egun egitea erabaki genuen. Horrela, txoko bakoitzean egiten dena hobeto ikusteko aukera izan dut eta horrez gain, ni nagoen txokoko haurrekin konfiantza gehiago izatea lortu dut. Gainera, tutoreak txokoko ikasleek dituzten zalantza txikietan laguntzeko aukera eskaini zidan. Hau horrela, ikasleek irakaslearen laguntzaile bat bezala hartzen naute, beraz, irakaslea lanpetuta egonez gero dituzten zalantzak niri ere gero eta gehiago galdetzen dizkidate eta ikasgelaren parte sentitzen naiz.

Zuzendaritzaren aldetik ere, erlazioa gertukoa izan da. Lehenengo momentutik eskeini zidaten beraien laguntza, eta unibertsitateko lanen baterako edo neure inetereserako, eskolako proiekturen bati edo beste edozein gairi buruzko informazioa behar izanez gero, guzti hori eskuratzeko ere erraztasun guztiak eskaini dizkidate.

Eskolan pasa ditudan momentu gehienak onak izan badira ere, normala den bezala, momentu ez hain onak ere tokatu zaizkit. Egoera hauetan ere ordea, irakaslearen eta ikasleen erreakzioak behatuz eta jokabideak ikusiz asko ikasteko aukera izan dut. Honez gain, ikasgelan behatutako hainbat gai, sortutako kezka, galdera eta ikasleen inguruan tutorearekin hitz egiteko aukera ere izan dut, eta esan beharra daukat momentu guztietan erantzuteko, zalantzak argitzeko eta laguntzeko prest agertu dela.

Praktikaldi honetan asko ikasten ari banaiz ere, urteak lanean daramatzan irakasleak ere egunero gauza berriak ikasten jarraitzen duela konturatu naiz, beraz, ikasteko gogoz eta grinez jarraitzen dut.

Esperientzia oso ona izaten ari da lehenengo praktikaldikoa, baina hau, ezinezkoa izango litzateke ikasle eta irakasleen laguntzarik gabe, beraz, Zestoako eskolari eskerrak eman beharrean nago. Hala ere, oraindik praktikak amaitzeko beste aste batzuk geratzen zaizkidanez, azken aste hauek topera aprobetxatzen jarraituko dut praktika hauei ahalik eta zuku handiena atera ahal izateko.

Hasteko eskerrak eman behar ditut oso irakasle jakintsua izan dudalako, eta betirako eskertuko dut. Tratu ezin hobea emateaz gain, hainbat irakaskuntzarako teknikak irakatsi dizkit, gauzarik aipagarrienak puntuka azaltzea erabaki dut: 


  • Umeei exigitu behar diegu, gizakiok konformistak gara eta gehiago exigitzen ez badigute gure konfort gunean geratzen gara eta ez gara aurrera jarraitzen
  • Lateralitatearen teoria. Alderantzizko lateralitateak umearen ikaskuntza prozesuan eragin dezake. Alderantzizko lateralitateak alderdi kognitiboetan eta motrizetan eragiten du.
  • Hatz erakusleak begiek baino memoria gehiago du, horregatik idazten irakatsi aurretik arkatza nola hartu behar den irakatsi behar da.
  • 8 urteetatik aurrera gorputzaren eta buruaren arteko interakzioa edo sinkronizazioa martxan jartzen da. Baina txikiagoak garenean bakarrik gorputzak gara.
  • Lehen ziklo honetan egunak lasaitasunez hartu behar dira. Garatu beharreko konpetentziak maia honetan nahiko sinpleak dira (irakurtzen jakitea ez da beharrezkoa irakurtzen dena ulertzea, idazten jakitea, gehiketa eta kenketa sinpleak egitea eta komunikazioa) eta presiorik gabe lan egin behar da, umeak ez dira estresatu behar.


Ainhoaz gaiz (nire tutorea), beste klaseko tutoreak, Maiderrek, oso ondo tratatu egin nau eta neuzkan zalantza guztiak argitu dizkit.
Umeei ere eskerrak ematea nahiko nituzke, hasieratik oso harreman ona izan dugu elkarrekin eta oso ondo konpondu gara. Hilabete zoragarri izan da, benetan.


Esan beharra dago, pentsatzen nuena baino hobeto joan dela esperientzia berri hau eta nahiko motza egin zaidala, pena handiarekin joan egin naiz eskolatik.
Hau bizi ondoren konturatu naiz lanbide oso zaila dela, ez da bakarrik klasea ematea baizik eta haien zailtasunak detektatzea eta gainditzen laguntzea, haien bizitza pertsonalean dituzten arazoekin laguntzea, beti ere, gehiegi sartu gabe eta abar.
Gainera, gurasoen arteko harremanak garrantzitsuak zirela banekien, baina ez nekien hain garrantzitsuak zirenik. Gurasoen eta irakaslearen arteko komunikazioa etengabekoa da, gainera lehenengo zikloan gehiago nabarmentzen dira, bertan, umeen zailtasunak agertzen direlako.


Pazientzia eta enpatia edukitzea funtsezko ezaugarriak dira irakaslea izateko. Batzuetan ume baten jokaerak ulertzeko, enpatia martxan jarri behar da. Dena ez da ez zuria ez beltza, beraz, gauzak zergatik egiten diren ulertu behar dira, horretarako enpatia eta pazientzia izan behar dira.


Lehenengo mailan egonda, hizkuntzaren garrantzia nabarmendu nahiko nuke. Informazioa edo datuak emateko era eta erabiltzen diren hitzak oso garrantzitsuak dira haien ikaskuntzarako. Normalean, behin esanda umeek erraz barneratzen dute informazioa.
Bestetik, aniztasun intelektual itzela dagoela konturatu naiz etapa honetan. Jaio diren hilabetearen arabera desberdintasun handia dago, beraz, guztiei gauza bera irakastea erritmo berean nahiko zaila da.


Gero eta gogotsuagoa nago irakaslea izateko prestakuntza jasotzen, eta argi daukat zer izan nahi dudan etorkizunean. Gainera nire klasean dagoen autismoa duen umearekin oso gustura egon naiz eta oso ondo konpondu gara elkarrekin, eta minorrean heziketa berezia egin nahi dudala argi daukat.