Gaurkoan etapa berri honi agur esatea tokatzen zaigu, esperientzia zoragarria izan da. Pena handia ematen dit bukatu dela pentsatzea, baina azkenean etapa bat da soilik eta datorren urtean beste bat etorriko da eta gainera luzeagoa.
Eskolara iritsi nintzen lehen egunetik oso ondo tratatu naute eskola guztiaren aldetik. Ni oso urduri nengoen hasiera batean, baina egunak pasa ahala gusturago sentitzen nintzen. Esperientzia honek egiaztatu dit karrera ondo aukeratu dudala, eta etorkizun batean egon naizen ikastetxearen edozein bezalako irakasle bat izatera heldu nahi dudala.
Ildo beretik, ikastetxean erabiltzen duten metodologiari dagokionez, oso lagungarria da, ikasle guztiek dena ulertu arte behin eta berriz azaltzen dira gauzak, gainera azalpenak oso bisualak izaten dira normalean. Adibidez, matematika ikasgaiaren ordu batean, buruketak egiten hasi ziren umeak. Guztiei asko kostatzen zitzaien buruketa eskatzen zuena ulertzea, irakaslea eta biok behin eta berriz azaldu genuen eta umeak arazo berdinarekin jarraitu zuten, azkenean arbelean marrazki bat eta marrazki horren galderak egitea bururatu zitzaidan. Honi esker, lortu nuen denek buruketa ulertzea, haiei laguntzerakoan izan nuen sentsazioa sinestezina izan zen.
Bestalde, ohikoa den moduan, dena ez da izan zoragarria, momentu gogorrak ere egon dira. Nire klasean 3 ume daude egun batzuetan bihurriago zeudenak, egun hoietan lekutik altxatzen ziren gelditu gabe, irakasleak zerbait esaten zuenean era desegokian erantzuten zioten, haien artean borrokatzen ziren eta abar. Baina egia da, irakasleak oso metodo egokiak erabiltzen zituela egoera hauen aurrean. Hau da, taldetik kanpo botatzen zituen, hau da, bakarrik jartzen zituen klasearen atzeko partean eta ez egongo balira tratatzen zituen.Umeak oso gaizki pasatzen zuten nahi zutena atentzio deitzea zelako eta zigor horrekin ezin zuten hori lortu. Momentu hauekin ere gauza asko ikasi ditut ere.
Bukatzeko, zalantzarik gabe azkenengo eguna onena izan zen baina gogorrena ere. Irakaslea eskatu zidan beranduago joateko eskolara, heldu nintzenean umeak alfombran zeuden jarrita eta aulki batean esertzeko eskatu zidaten. Dantza bat egin zidaten, oso polita izan zen, denbora guztian egon ziren niri begira irribarre batekin. Behin bukatzerakoan, borobil batean jarri ginen eta ume bakoitzak bere sentimenduak esan zidaten, haur batek esan zidan oso irakasle ona izan naizela eta beti bere bihotzean eramango ninduela, momentu horretan hitzik gabe utzi ninduen, oso gauza politak esan zidaten. Azkenik, arratsaldean koaderno bat oparitu zidaten, koaderno horretan bakoitzaren marrazki bat agertzen zen eta marrazki bakoitzean esaldi batzuk, koaderno horren portada gure argazki bat zen. Benetan eguna zoragarria izan zen, asko hunkitu nintzen eta oraindik gehiago irakasleak hitz batzuk eskaini zizkidanean. Espero dut egunen batean irakaslea izatearen ametsa betetzea.

![]() |

No hay comentarios:
Publicar un comentario