sábado, 19 de octubre de 2019

HEZKUNTZA KOMUNITATEA


Kaixo!

Dagoeneko igaro da praktiketako lehenengo astea, bost egun benetan zoragarriak, esperientzia berriez beterikoak eta nire oroimenean leku garrantzitsua hartu dutenak.

Esan bezala, Debako Luzaro eskolan ari naiz praktiketan, eta 2.mailan egotea egokitu zait. Nire gelak ohikoak ez diren hainbat ezaugarri ditu, alde batetik, 26 ikasle dira, eta hauek launaka kokaturik daude talde-lana sustatzeko asmoz; bestetik, amatasuna dela eta, bi tutore daude, lehenengoa goizetan jarduten den heinean, bigarrena arratsaldez aritzen da, eta ikasgaiak ere horren arabera sailkatzen dira (ikusi beheko ordutegia). Horrez gain, ikasgelako ratioa mugan dagoenez, 2.mailako bi geletako hainbat ikasle batu, eta hirugarren talde bat osatzen dute ikasleen ulermena eta irakurketa sakonago landu ahal izateko.
Klaseak  9:30etan hasten dira eta egunero arduradun ezberdin bat arduratzen da data, jangelako menua eta esaldi bat idazteaz. Jolastordua berriz, hamaiketan hasten da, eta ordura arte irakasgai ezberdinak izaten dituzte; ordu erdiko egonaldia igaro ondoren, berriro ere ikasgelara sartzen dira 12:30ak arte, bazkaltzeko ordura arte, hain zuzen. Nik haien moduan, ordu horretan bazkaltzen dut, eta 14.00tan arratsaldeko klaseak hasten dira 16:00ak arte. Horrez gain, haurrek eskolaz kanpoko ekintza asko dituzte, esku-pilota, solfeo, multikirola, dantza…

Metodologia integratzailea bultzatzen da ikastetxean, ikasleak gela berdinean egoten dira eta astean pare bat aldiz etortzen da PTa, behar dutenei laguntza ematera. Kasu horietan, klasea aurrera eramatea  zaila izaten bada, ikaslea berarekin gela batera joaten da, bai haren eta bai ikasgela osoaren onerako ere. Nire gelan adibidez, euskara hizkuntzaren inguruko laguntza jasotzen duten bi ikasle daude, eta gainontzekoak tutorearekin gelditzen dira gelan. Aurretik aipatu dudan moduan, astean lau ordutan, desdoblea edo taldekatze malgua gauzatzen da, hau da,  ikasleak  hiru taldetan banatzen dira, heziketa-laguntza antolatzeko eta ikaskuntza errentagarriagoa izateko.

Horrez gain, ikasleen artean arazoren bat egonez gero, irakaslea da erabakiak hartzen dituena, arazoaren kudeaketa egoeraren arabera gauzatzen du eta horretarako, taktika ezberdinak erabiltzen ditu. Hala ere, garrantzia ematen zaio ikasleek, arazoak konpontzeko asmoz, beraien artean hitz egiteari.


Gelaren funtzionamenduari dagokionez, ikasleak lauko taldeetan eserita daudela aprobetxatuz, ikasle bakoitzari, talde-lana sustatzeko betebehar bat ematen zaio. Ikastetxeak ikaskuntza kooperatiboa bultzatzea du helburu, eta beraz, ikasleak bozeramailek, idazkariak eta materialaren eta isiltasunaren arduradunak izaten dira aste osoan zehar, haurren motibazioa sustatuz. Rol hauek astero aldatuz doaz eta ostirala heltzen denean, ebaluaketa bat egiten dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario