Oraingoan ikastetxeko ikasketa-prozedurei buruz hitz egitea tokatzen da eta esan beharra dut, gaur egun soraluzeko ikastetxean erabiltzen diren ikasketa prozedurek asko arritu nautela. Izan ere, ni ikastetxe honetako ikaslea nintzenetik hainbat aldaketa egon dira atal honetan.
Lehenik eta behin, gai honi buruzko gauza esanguratsuenetako bat da ez dutela libururik erabiltzen, beste garai batzuetan ezbezala. Proiektuka egiten da lan. Hiruhilabete bakoitzerako, ikasleek, beraien gustoko gai bat erabakitzen dute eta gai hori izango da hiruhileko horretan egingo dituzten lan gehienen abiapuntua. Hortaz, irakasleak gai horren inguruko fitxak eta ariketa ezberdinak prestatzen ditu. Hiruhileko bakoitzaren amaieran gai horrekin zerikusia duen "lan handi" bat egiten dute, adibidez, orain sukaldaritza ari dira lantzen eta ikasleen eta irakaslearen artean erabaki dute azkenengo asteetan sukaldaritza programak grabatuko dituztela.
Bestalde, aurretik idatzi nuen bezala, lauko eta bosteko taldeetan daude banatuta gelan ikasleak. Horren helburua da ikasleek taldeka lan egiten ikastea eta beraien artean laguntzea. Hala ere, batzuetan lan indibidualen bat egin behar badute gelan zehar (gelako mahai guztiak aprobetxatuz) banaka egiten dute lan.
Oso interesgarria iruditu zaidan zerbait matematika ikasteko erabiltzen duten metodoa da. Regleten bidez ikasten dute matematika ikasleek. Aurretik esan bezala, ikasleak taldeka daude banatuta eta talde bakoitzak regleta kaxa bana du. Zer dira regletak? Regletak tamaina eta kolore ezberdinetako egurrezko zatiak dira. Regleta txikienak 1 zenbakiaren balioa du, 2 zenbakiari dagokion regleta 1 zenbakiaren regletaren bikoitza da, 3arena hirukoitza...horrela hamarrera arte. Gero, 10eko hamar regletaren tamaina duten regleta batzuk daude, 100en balioa dutena eta berdin milakoekin. Orduan, matematikako ariketak egiterako orduan, arkatzarekin koadernoan egin beharrean, regletak mahai gainean jartzen joaten dira beraiek nahi dituzten zenbakian lortuz.Oso metodo ona iruditzen zait regletena, horrela eragiketak buruz egiteko erraztasun handiagoa lortzen dela uste dudalako.