Mostrando entradas con la etiqueta #IanireIzagirre. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta #IanireIzagirre. Mostrar todas las entradas

domingo, 17 de noviembre de 2019

Nire esperientzia

Kaixo!

Gaurkoan praktikaldiko etapari agur esatea tokatzen zaigu. Praktikaldia bukatu eta beste bi praktikaldi luzeago gelditzen zaizkigula gogoratu beharra dago.

Praktikaldiaren lehenengo eguna urduritasunez beterik zegoen. Etorkizun batean irakasle gisa lan egitea gustatuko litzaidake eta bost aste hauetan bizitako esperientziak erabilgarriak izan daitezke. Duela urte batzuk, Karmelo Etxegarai ikastetxean metodologia berria bat jarri zuten martxan. Metodologia berria taldeka ikastean eta besteei laguntzean oinarritzen da. Nire aburuz, metodologia berri hau metodologia tradizionala baino eraginkorragoa da. Metodologia berriak esperimentazioa sustatzen du. Esperimentazioaren bitartez haurrek gauzak behatu eta aztertu ditzakete.

Nahiz eta, urduri egon haurrek esku zabalik hartu ninduten. Gutxinaka-gutxinaka haurren eta nire arteko erlazioa estutzen joan da. Haurrek beste irakasle bat izango banintz bezala tratatu didate, hau da, zalantzaren bat izanez gero niri ere galdetzen zidaten. Hasiera batean, matematikatikako klaseetan egoten nintzen. Azken bi asteetan, ordea, Haritza taldearekin egon naiz. Hori dela eta, Haritza taldeko haurrekin gainerako klaseetako haurrekin baino konfiantza gehiago dut. Horrez gain, matematika ez den, beste ikasgai batzuk ikusteko aukera izan dut.

Irakasleei dagokionez, bost aste hauetan jatorrak izan dira eta laguntzeko prest egon dira. Lehenengo egunean metodologia berriaren nondik norakoak azaldu zizkidaten eta ikastetxea erakutsi zidaten. Nire tutoreari buruz, ez dut zer esanik. Praktikaldi garaian nitaz arduratu da eta nire iritzia kontuan izan du. Bestalde, ikasleen zailtasunez jakinarazi dit.

Bizitzan bezala, momentu onak eta ez hain onak ikusi ditut. Hala ere, esperientzia honetan bizi izandako momentu onak zein txarrak gogoratuko ditut. Azken finean, momento guzti horiek esperientzia berri honen parte dira.

Azken eguna emozioz beteriko eguna izan da. Esperientzia honetan bizitako momentu guztiak gogoratuko ditut. Horrez gain, ikastetxean ezagututako irakasleez eta haurrez gogoratuko naiz.








lunes, 11 de noviembre de 2019

Proiektuak

Kaixo!

Praktikaldiaren amaiera iritsi dela kontuan izanik, gaurkoan ikastetxean dauden proiektuei buruz mintzatzea tokatzen zaigu.

Karmelo Etxegarai ikastetxean hainbat proiektu daude, esate baterako, bikoteka irakurtzen, Agenda 21, elkarbizitza eta harremanak…

Agenda 21ari dagokionez, aurtengo gaia ekoizpen eta kontsumo jasangarria da. Proiektu honetan Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek hartzen dute parte. Klase bakoitzeko ordezkariak bileretan esaten diren ideia nagusiak jakinarazi behar dizkie gainerakoei. Agenda 21n helburu nagusiak garai desberdinetako lanbideak ezagutzea, familien erosteko ohiturak aztertzea… da. Horrez gain, beste hainbat gaiekin lotutako ekintzak burutuko dira: lan-fitxa baten bidez gaur egungo egoera eta etorkizuna aztertuko dute, inkestaren bidez, familiek dituzten erosketa ohiturak aztertuko dituzte.

Duela bi aste Agenda 21ekin lotuta dagoen proiektu bat jarri zuten martxan. Ikasgela bakoitzean lan fitxa bat jarri dute. Lan fitxa horren helburua ikasgelan dagoen tenperatura neurtzea da. Egunero goizeko 10:00etan gelako arduradunak lan fitxa bete behar izaten du. Gehienetan, berogailuak piztuta daudenean leihoak irekita edukitzen dituzte, hori dela eta, proiektu hau martxan jartzea erabaki dute.

Bestalde, haurrak kutsaduraren inguruan kontzientziatzeko bideo batzuk ikusi zituzten:
https://www.youtube.com/watch?v=cvakvfXj0KE&t=72s

Beste proiektuetako bat, Bidelaguna deitzen da. Ikastolako indartze neurrien programa berraztertu ondoren eta inklusibitatea eta aniztasunaren trataera kontuan izanik, duela urte batzuk proiektu berria osatu zen.

Proiektu hau, beste gelakideen mailara iristen ez diren ikasleei laguntza osagarria eskaintzen zaie. Horrela, irakurketa-idazketa prozesua eta ulermenean gabeziak betetzen laguntzen dizkigute.

Proiektu honen helburu nagusiak, besteak beste, euskara maila hobetzea, Lehen Hezkuntzako helburuak gainditzea eta lan ohitura onak eta konstantzia bultzatzea da. Hori dela eta, irakasle bereziak, esate baterako, Pedagogia Terapeutikako irakasleak etortzen dira. Laguntza osagarria behar duten ikasleei laguntza eskaintzera. Proiektu honen bidez, ikasteko hainbat estrategia lantzen dira: arreta jartzea, buru-belarri aritzea, ulertzen ez dena galdetzea… Proiektuaren izenak Bidelagun dioen bezala, bakarrik ez egoteko eta oinarrizko konpetentzietan dituzten hutsuneak betetzeko baliagarria izan daiteke.



domingo, 3 de noviembre de 2019

Ikasketa-Prozedurak

Kaixo!

Practicum-aren hirugarren astea dela eta, ikasgelako baliabide didaktikoei, ikasketa prozedurei eta estrategia metodologikoei buruz hitz egingo dut.

Metodologia berri honek ikasleen autonomia bermatzea du helburu. Esan bezala, hirugarren eta laugarren mailakoak nahastuta daude. Ikasleak beraien artean laguntzen dira, izan ere, irakaslearen laguntza ere eskatu dezakete.

Baliabide didaktikoei dagokionez, irakasleak gutxinaka-gutxinaka material berria sortzen ari dira, hau da, ez dute libururik erabiltzen. Ikasleek erabiltzen duten materiala irakasleek sortu dute. Bestalde, baliabide teknologikoak, esate baterako, ordenagailuak, arbela digitala... erabiltzen dituzte. Konpetentzia digitalak berekin dakar baliabide digitalak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko ezagutza, trebetasun, jarrera eta estrategia batzuk edukitzea.


Ikasleak taldeka esertzen dira eta astero lekuz aldatzen dira. Txoko bakoitzean estrategia metodologiko desberdinak erabiltzen dira. Txoko batean irudiak interpretatzen dituzte. Beste txoko batean, ordea, gainerako txokoetan ikasitakoa jolasen bitartez praktikan jartzen dute.

Matematikako ikasgaian, esate baterako, Tangram jolasa erabiltzen dute. Gorputz geometriko desberdinak erabiliz animaliak edota beste gauza batzuk eraiki behar dituzte. Jolas honi esker, logika eta gaitasun matematikoa garatzen dira. 

                                                         
               TANGRAM                                    


Burututako ariketa guztiak irakasleari erakutsi behar zaizkio. Ariketa zuzendu ondoren, ikasle bakoitzak X bat jarri beharko du ariketa burutu duela adierazteko. Horrela, irakaslea ikasle bakoitzak izan ditzakeen zailtasunez ohartzen da.

Ikasle bakoitzaren lana egunerokotasunean oinarritzen da, hau da, irakasleak ez ditu ez etxeko lanak ez azterketak jartzen. 

domingo, 27 de octubre de 2019

Aniztasuna



Kaixo!

Bigarren asteari dagokionez, aniztasunari buruz hitz egitea tokatzen zaigu. Bi aste hauetan ikasgelan zein eskolan dagoen anitasunaz ohartu naiz. Ikasgela gehienetan aniztasuna nabari da, hau da, neskak eta mutilak bereiz daitezke.

Gizartea anitza eta askotarikoa da. Aniztasuna begi bistan dagoen errealitatea da. Hori dela eta, irakaslearen rola pertsonen integrazioa bermatzea da, hau da, pertsonen artean elkarbizitzan sortzen diren arazoei aurre egitea. Oro har, integratuta egoteak askatasun gehiago ematen du, hau da, independenteagoak bilakatzen dira. Integrazioa etortzen direnen nahiz jasotzen dituztenen ardura da. Integrazioa biren arteko kontua da, eta bi aldeak eraldatzen eta aberasten ditu.


Ikasgela gehienetan aniztasuna nabaria da. Orokorrean mutilen eta nesken kopurua antzerakoa edota berdintsua da. Etorkinak era orekatuan banatu dituzte ikasgeletan. Etorkin gehienen jatorria Argelia eta Pakistan dira. Horrez gain, frantzes eta txinatar bat ere badaude. Etorkin batzuek zailtasunak izaten dituzte gure ohituretara eta hizkuntzara egokitzeko. Etorkin horietako batzuk txiki-txikitan etorri ziren eta ez dute euskara ulertzeko zailtasunik. Beste batek, ordea, frantsesa bakarrik ulertzen du. Izan ere, irakasleak frantsesa ulertzen du eta bere integrazioa bermatzen du.

Irakasgaietan gehien erabiltzen den hizkuntza euskara da, gaztelanian izan ezik. Hizkuntza ulertzeko edota laguntza berezia behar duten ikasleentzat, PTEak (Pedagogia Terapeutikako irakasleak)  laguntzera etortzen dira. Gainera, metodologia berriak ikasleen artean laguntzeko aukera ematen du. Zailtasunen bat izanez gero, beraien artean arazoari irtenbidea aurkitzen ahalegintzen dira.

Horrez gain, arazo psikologikoak zein fisikoak dituztenek laguntzaile bereziak dituzte eta denak ikasgela bakar batean elkartzen dira. Ikasgela horri Eguzki Lore deitzen diote.

Aniztasuna eskolan aberasgarria izan daiteke. Gizartea desberdinatasunak ezagutuz eta errespetatuz eraiki behar da.


domingo, 20 de octubre de 2019

Hezkuntza Komunitatea

Kaixo!

Praktikaldiko lehenengo astea burutu dut dagoeneko. Karmelo Etxegarai ikastetxean metodologia berri bat jarri dute martxan. Zikloak nahastuta daude, hau da, hirugarren eta laugarren maila nahastuta daude. Hirugarren eta laugarren mailako haurrekin egotea egokitu zait. Gehien bat, matematikako irakasgaian egoten naiz.

Klase orduak 9etan hasten dira eta 11etan etenaldia egiten dute hamaiketakoa jateko. Ondoren, berriro ere ikasgelara itzultzen dira 12:30ak arte. 12:30etatik 15:00etara bazkaltzeko denbora izaten dute. Horrez gain, haurrek eskolaz kanpoko ekintzak izaten dituzte, esate baterako, musika. 15:00etatik 17:00etara bi ikasgai izaten dituzte.

Nire ordutegia


Klase bakoitzak ez-ohiko izenak ditu. Matematika bi irakasle desberdinek ematen dute eta ikasgela bakoitzak izen bat du, esate baterako, nire klaseak Pitágoras izena du. Matematikako veste klaseak, ordea, Tetris izena du. Ikasgela bakoitzak izen desberdin bat du ikasgaiaren arabera. Hiru eta laugarren mailako haurrak lau taldetan banatuta daude; Haritza, Lizarra, Artea eta Sahatsa.






Ikasgai denetan taldeka esertzen dira eta talde bakoitzak lan ezberdin bat burutu behar du. Matematikako ikasgela bost txokotan banatuta dago; batetik, zenbakiak eta eragiketak, bestetik, neurriak, informazioaren trataera eta geometria, azkenik, digitala. Txoko bakoitzean bi aste igarotzen dituzte. Bi aste igaro ondoren, txokoz aldatzen dira.

Esan bezala, hirugarren eta laugarren mailako haurrak nahastuta daude. Hori dela eta, laugarren mailakoek hirugarren mailakoei laguntzen diete. Beti ere, irakaslearen laguntza eskatu dezakete. Noizean behin, irakasleaz gain PT laguntzaileak etortzen dira, hizkuntza ulertzeko edota zailtasunen bat duten haurrei laguntzeko.

Ikasleak gela batetik beste batera mugitzen dira ikasgaiaren arabera. Klasea hasi aurretik borobilean esertzen dira lurrean, aurreko eguneko gauzak errepasatzeko helburuarekin. Gauzak errepasatu ondoren, norbanako bakoitza bere txokora joaten da. Ikasgai batetik beste batera mugitzeko ilaran irtetzen dira.

Metodologia berria aberasgarria izan daiteke etorkizun baterako.




domingo, 13 de octubre de 2019

Aurkezpena

Kaixo!

Ianire Izagirre naiz, 19 urte ditut eta Elgoibarren bizi naiz. Lehen Hezkuntzako gradua ikasten ari naiz Donostian. Bihar, Urriak 14, nire lehenengo praktikaldiak burutuko ditut Karmelo Etxegarai ikastetxean.

Txiki-txikitatik argi izan dut irakasle izan nahi nuela, beraz, esperientzia hau aberasgarria izango dela uste dut. Praktikaldi garaian, ikasitakoa praktikan jartzeaz gain esperientzia berriak bereganatuko ditugu. Esperientzia horiek etorkizun baterako erabilgarriak izan daitezke. 5 astetan ikasle rola alde batera utzi eta irakasle rola hartuko dugu. Irakasle izatearen alde positiboak eta ez hain positiboak zeintzuk diren ikusiko ditugu gertutik.

Ikasketak bukatu ondoren, arreta berezia behar duten pertsonekin lanean aritzea gustatuko litzaidake. Horretarako, lau urteotan gogor egin beharko dut lan.