Mostrando entradas con la etiqueta #AioraEizmendi. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta #AioraEizmendi. Mostrar todas las entradas

domingo, 17 de noviembre de 2019

NIRE ESPERIENTZIA

Kaixo denoi!

Lehenengo aurkezpeneko sarreran aipatu nuen bezala, lana eta ikasketak batera egiten ari naiz, eta, praktikaldiaren egutegia ere aldatuta daukat, hau dela eta, astean hiru egunetan joaten naiz Zestoako eskolara praktiketan, beraz, oraindik ez dut praktikaldia amaitu. Hala ere, bost aste hauetan bizi izan dudana kontuan izanda nire esperientziari buruzko idatzi hau egitea pentsatu dut.

Zestoako eskolan igaro ditudan aste hauetan, etxean bezala sentitu naizela esan beharra daukat, bai irakasleen aldetik bai ikasleen aldetik ere. Nahiz eta hasieran, normala den bezala, ikasleekin nuen erlazioa hotzagoa izan, egunak igaro ahala gero eta konfiantza handiagoa izatea lortu dut eta ikasgelan askoz erosoago sentitzen naiz.

Tutoreak eta irakasleek ere esku zabalik hartu naute. Hasiera hasieratik eskolako metodologia azaldu eta gelako dinamika nolakoa den azaldu zidaten. Hau horrela, tutorearekin hitz egin ondoren, ikasgelako dinamika ahalik eta ongien ikusi ahal izateko, txoko bakoitzean 5 bat egun egitea erabaki genuen. Horrela, txoko bakoitzean egiten dena hobeto ikusteko aukera izan dut eta horrez gain, ni nagoen txokoko haurrekin konfiantza gehiago izatea lortu dut. Gainera, tutoreak txokoko ikasleek dituzten zalantza txikietan laguntzeko aukera eskaini zidan. Hau horrela, ikasleek irakaslearen laguntzaile bat bezala hartzen naute, beraz, irakaslea lanpetuta egonez gero dituzten zalantzak niri ere gero eta gehiago galdetzen dizkidate eta ikasgelaren parte sentitzen naiz.

Zuzendaritzaren aldetik ere, erlazioa gertukoa izan da. Lehenengo momentutik eskeini zidaten beraien laguntza, eta unibertsitateko lanen baterako edo neure inetereserako, eskolako proiekturen bati edo beste edozein gairi buruzko informazioa behar izanez gero, guzti hori eskuratzeko ere erraztasun guztiak eskaini dizkidate.

Eskolan pasa ditudan momentu gehienak onak izan badira ere, normala den bezala, momentu ez hain onak ere tokatu zaizkit. Egoera hauetan ere ordea, irakaslearen eta ikasleen erreakzioak behatuz eta jokabideak ikusiz asko ikasteko aukera izan dut. Honez gain, ikasgelan behatutako hainbat gai, sortutako kezka, galdera eta ikasleen inguruan tutorearekin hitz egiteko aukera ere izan dut, eta esan beharra daukat momentu guztietan erantzuteko, zalantzak argitzeko eta laguntzeko prest agertu dela.

Praktikaldi honetan asko ikasten ari banaiz ere, urteak lanean daramatzan irakasleak ere egunero gauza berriak ikasten jarraitzen duela konturatu naiz, beraz, ikasteko gogoz eta grinez jarraitzen dut.

Esperientzia oso ona izaten ari da lehenengo praktikaldikoa, baina hau, ezinezkoa izango litzateke ikasle eta irakasleen laguntzarik gabe, beraz, Zestoako eskolari eskerrak eman beharrean nago. Hala ere, oraindik praktikak amaitzeko beste aste batzuk geratzen zaizkidanez, azken aste hauek topera aprobetxatzen jarraituko dut praktika hauei ahalik eta zuku handiena atera ahal izateko.

martes, 12 de noviembre de 2019

PROIEKTUAK

Kaixo denoi!

Igaro da praktiketako laugarren astea, eta prakikaldia egiten ari naizen eskolako proiektuak ikusi eta ezagutzeko nahiko denbora igaro dela esan dezaket. Zestoako eskola, hainbat proiektutan sartuta dago, haien artean interesgarrienak iruditu zaizkidanak aipatuko ditut.

Alde batetik, berdintasunaren gaiarekin lotuta, hezkidetza proiektuan dago sartuta eskola. Esate baterako, ikasgeletan erabiltzen den material guztia, hala nola irakurgaiak, bidioak, kantuak, liburuak... ikasgeletan erabiltzerako aztertu egiten dira genero aldetik desberdintasunik ez dutela baieztatzeko. Materialek hau betetzen ez badute, ez dira ikasleen eskuetara heltzen. Horrela, ikasleek lantzen dituzten arlo guztietako materialetan berdintasuna egotea bermatzen da. 

Bestalde, irakurketa proiektu bat ere badute. Hau dela eta, haur guztiek irakurketarako ikasgai zehatz bat dute. Bertan, hainbat irakurgai ezberdin irakurri eta testuari buruzko galdera batzuk erantzuten dituzte testuan irakurririkoa lantzeko eta ulertzen laguntzeko. Irakurtzerako garaian ordea, metodo ezberdinak erabiltzen dituzte. Altuan irakurri behar dutenean, batzuetan irakasleak irakurtzen die testua eta ikasleek jarraitu egiten dute, beste batzuetan ordea, haurrak dira ipuina irakurtzen dutenak irakasleak esaten dienean txandatuz. Tarteka euren kasa ere, bakarka, irakurtzen dute ,bakoitzak bere erritmora. Beste batzuetan berriz, binaka edo talde txikitan jarri eta taldekoen artean paragrafoka edo puntuka irakurgaia zatituz altuan irakurtzen dute. Bitarte horretan, irakaslea haur bakoitzaren irakur eta ulermen gaitasunak ezagutzen joaten da, horrela, norbaitek laguntza handiagoa behar izanez gero, jakinaren gainean jarri eta laguntza eman ahal izateko. Ikasgai hau euskaraz egin ohi da, baina gaztelerako klaseetan irakurgaiak lantzerako garaian ere, metodo hau erabiltzen dute irakasleek.

Azkenik, Zestoako eskolak, San Joan egoitzarekin duen proiektuaz hitz egin nahiko nuke. Oso proiektu berezia eta interesgarria iruditu zait hau, izan ere, haurrek egunerokotasuneko lanak ezagutu eta ikasteaz gain, gainontzekoei laguntza ematen ikasten dute proiektu honen bidez.

Esan didatenez, lehen, ikasturteko egun jakin batzuetan soilik joaten ziren haurrak San Joan egoitzara (gabonetan, eskolako festa egunean...). Lehengo ikasturte amaieran ordea, beste froga bat egin zuten eta izan zuen emaitza positiboa ikusita, aurten ikasturte hasieratik martxan jartzeko erabakia hartu zuten.

Egunero, eskolako haur talde bat joaten da San Joan egoitzara bertan hainbat lan burutzera. 11:15etan irteten dira klasetik eta 12:15erako eskolan egoten dira bueltan. Eskolako dinamika ez apurtzeko, ikasgela bakoitzetik astero ikasle ezberdin bat joaten da. Horrela, ikasle guztiak txandaka joateaz gain, ez dute jarraian klase kopuru handirik galtzen eta berriro berehala hartzen dute gelakideen martxa. Bertara joaten direnean, ikasgelan bezala txoko ezberdinetan aritzen dira lanean, sukaldaritza txokoan, garbiketa txokoan... Txoko bakoitzean dagozkien lanak egiten dituzte, adibidez haurrek kontatu didatenez, garbiketa txokoan arropak tolestu, pilatu, banatu eta jasotzen laguntzen diete.

Lehen aipatu dudan bezala, proiektu hau haurrentzat oso aberasgarria iruditzen zait izan ere besteei laguntzeak duen balioa eta garrantzia ezagutzen dituzte. Hau horrela, ikasgelan ere elkarri laguntzearen garrantzia hobeto ulertzen dute. Honez gain, adinean aurrera doazen heinean ere, errazago eskeiniko diote laguntza beharrean ikusten dutenei.

lunes, 4 de noviembre de 2019

IKASKETA-PROZEDURAK

Kaixo!

Jada igaro da praktiketako hirugarren astea. Ikasleekin dudan erlazioa gero eta hobea eta konfiantza gehiagokoa da, beraz, ikaragarri gustura nabilela esan beharra daukat. 

Hirugarren astea igarota, Zestoako herri eskolako ikasketa-prozedurei buruz hitz egiteko unea iritsi da. Aurreko asteetan aipatu bezala, Zestoako eskolan Amara Berri metodoa aplikatzen da, beraz ikasketa moduak erabat ezberdinak dira nik haurretan bizi izan nituenekin alderatuta. 

Lehenengo esan, Zestoan ikasleek ez dutela materialik erosi behar izaten, eskolan ematen baitizkie erabili beharreko koadernu, boligrafo, arkatz, borragoma... bezalako material guztiak. Honela, materiala zaintzen eta partekatzen ikasten dute haurrek.

Aurrekoan azaldu bezala, ikasgai bakoitzerako gela ezberdinak erabiltzen dituzte haurrek. Hau dela eta, material didaktikoei dagokienean, gela bakoitzean dagokion gairako beharrezko diren material guztiak aurki daitezke, esate baterako, arbela, tabletak, mp3ak, ordenagailu portatil txikiak, proiektorea, ordenagailua, haur bakoitzaren koadernua, arkatzak, borragomak, hiztegiak, ipuinak eta beste hainbat materaial. Hauek guztiak, haurren eskuragarri daude eta edozein momentutan erabil ditzakete, beti ere irakaslearen baimenarekin eta txandak errespetatuz.

Honez gain ikaslgela bakoitzean dauden txoko ezberdinetan beharrezko material guztiak dituzte. Gai bakoitzean lau edo bost txoko ezberdinetatik pasatzen dira haurrak taldeka. Hauetan, dagozkien lanak burutzen dituzte gune bakoitzean dituzten fitxak erabiliz (ez dute testulibururik). Matematikan adibidez, txoko bat problemei dagokiona da, besteak geometriari, jolasei... dagozkienak. Txoko hauetako bakoitzean jarraitu beharreko lan metodo bat dago eta haurrek betiere honi jarraituta, planteatzen zaizkien ariketa edo problema ezberdinak ebazten saiatu behar dute. Behin hau eginda, zenbait txokotan, zuzenketa plantilak dituzte emaitzak ondo dauden egiaztatu eta eurek, euren lanak zuzendu ahal izateko. Beste batzuetan berriz, irakasleari eman behar izaten dizkie ea prozedura egokiak jarraitu dituzten ikusteko. Ariketa bakoitza amaitzean, ikasle bakoitzak duen kontrol orrian eginikoa apuntatu eta ariketa karpetan artxibatzen du, horrela haur bakoitzak bere lanen jarraipena egin, txukuntasuna zaindu... egiten du.

Irakasteko moduari dagokionean, irakaslea txoko batetik bestera ibiltzen da haur bakoitzari dituen zalantzak argituz, baina ez dute azalpen orokorrik ematen. Haurrek autonomia osoa dute lanak egiterako garaian (lan metodoa jarraituz eta txokoko ikaskideekin zailtasunak kontsultatuz esaterako) eta zailtasunen bat agertzean jotzen dute irakaslearengana. Hau dela eta, irakaslearen azalpenak haur bakoitzari egokituak izaten dira. 

Atal honetan aipatu gabe utzi ezin den beste gauza bat Gaztegiro aldizkariarena da. Hau, ikasleek ikasgai ezberdinetan egiten ditzuten ariketekin osatutako asteroko aldizkari bat da. Esaterako, euskarako denborapasen txokoan egiten dituzten hizki-zopak, asmakizunak, hieroglifikoak... argitaratzen dituzte aldizkari honetan. Hau dela eta, lanak egiterako garaian haurrek jartzen duten gogoa eta motibazioa ikaragarria da, izan ere, aldizkaria osatzean, eskolako haur guztiei banatzen zaie etxean egin dezaten.

lunes, 28 de octubre de 2019

Aniztasuna

Kaixo guztioi!

Jada igaro da praktiketako bigarren astea, eta oraingoan aniztasunari buruz hitz egitea tokatzen zait. Hitz hau entzutean, kultura ezberdinetako pertsonak, etorri zitzaidan burura lehenengo momentuan, hala ere, egunak igaro ahala ohartu naiz ikasgela batean aniztasuna dagoela esateko beste hainabt arrazoi eta ezaugarri ere badaudela, esate baterako, generoa, adina, kultura, ikasteko momentuan dituzten ezberdintasunak...

Praktiketan ari naizen ikasgelan, lehengo astean aipatu bezala ikasgela mixtoak (neskak eta mutilak erdi eta erdi) eta bi maila ezberdinetakoak dira. Hau horrela, edukiak lantzerako momentuan desberdintasun nabariak dituzte. Esaterako, laugarren mailako ikasleek idazterako eta irakurtzerako garian habilezia handiagoa dute hirugarren mailakoek baino.

Atzerritarrei dagokienean berriz, 4  daude nire ikasgelan. Horietatik 3 bertan jaioak edo oso txikitan etorriak dira, beraz, maila atuxeagoan ala bajuxeagoan baina ondo moldatzen dira bai euskararekin bai eta ikasgai gehienekin ere. Bestea, aurten iritsi da Zestoara bere herrialdetik, beraz, euskaraz oso gutxi ulertzen du, hala ere, bere jatorrizko hizkuntza gaztelania denez, ikasle naiz irakasleekin komunikatzeko ez du arazorik. Ikasle honi, euskaraz erakusteko laguntza berezia ematen zaio hainbat ikasgaitan, batzuetan bertan eta beste batzuetan ikasgelatik kanpo. Honez gain, ikaskideek ere ikaragarri laguntzen diote klasean zehar, ikasleen aurkezpenetan esaterako, alboan daukanak azalpenaren nondik norakoa azaltzen dio gaztelaniaz.

Behin hau esanda, nire ustez oso garrantzitsua da irakasleak egoera gutzi hauetaz ohartzea eta haurrak berdintasunez tratatzea, izan ere, irakaslea haurren erreferente dela kontuan izanda, berak egiten dituen ekintzek eragina izan dezakete gainontzeko ikasleen jarreretan.

martes, 22 de octubre de 2019

Hezkuntza Komunitatea


Kaixo!!

Jada igaro da praktiketako lehenengo astea eta hasiera oso gustora eman diodala esan beharra daukat. Bigarren zikloko gela batean ari naiz praktiketan 3. eta 4. mailako haurrekin. Goizeko 9:00etan sartzen dira ikastolara eta 12:30etan amaitzen dira klaseak bazkaltzera joateko, tarte horretan 30 minutuko jolas denbora (10:30-11:00) izaten dute atseden hartzeko. Arratsaldean berriz, 14:30etatik 16:30etara etortzen dira ikastolara. 

Zestoako ikastolan klaseak zikloka banatuta daude. Bigarren zikloan, 3. eta 4. mailetako haurrez osatutako lau talde daude eta talde hauek koloreen arabera bereizten dira, horia, gorria, urdina eta berdea. Niri tokatu zaidan taldea, horia da eta 17 ikasle daude, 3.mailako 9 eta 4. mailako 8.

Ikasgela  bakoitza, ikasgai jakin baterako erabiltzen da, beraz, haurrak duten ikasgaiaren arabera gelaz aldatzen joaten dira. Gela bakoitzean txoko ezberdinak dituzte, eta klasea hasi orduko ikasle bakoitza dagokion txokoan esertzen da. Gai bakoitzean talde ezberdinak dira, hori bai, bi mailak nahastutako taldeak, horrela, zailtasunak dituztenean irakaslearengana jo aurretik elkarren artean laguntzen saiatzen dira. Denbora jakin bat igaro ostean, txokoz aldatzen dira, hórrela ikasturtean zehar ikasgaiko atal guztiak jorratzen dituzte.

Honez gain, astean bi arduradun izendatzen dituzte gela bakoitzean. Hauetako bat, gelako materialaren arduraduna da eta egunero materiala taldekideei banatu (arkatza, borragoma, boligrafoak…) eta jasotzeaz arduratzen da. Bestea berriz, dataren arduraduna da eta egunero lehenengo ikasgaiko gelako arbelean data idatzi eta ikaslgelara etorri ez diren ikaskideak zein diren apuntatu behar du.

Modu honetara, momentuoro ikasleak dira protagonistak eta arduratsuak izatea, taldean lan egitea, elkarri laguntzea eta errespetatzea bezalako baloreak ikasten dituzte. 

sábado, 12 de octubre de 2019

Aurkezpena

Kaixo!

Aiora Eizmendi naiz, 22 urte ditut eta Lehen Hezkuntzako gradua ikasten ari naiz. Batxilergoa amaitu ondoren, goi mailako administraritzako zikloa ikastea hautatu nuen. Bi urteko ziklo hura amaitu ondoren ordea, benetan ikasi nahi nuena Lehen Hezkuntza zela ohartu nintzen, beraz, nituen aukerak aztertu eta administrari modura egiten dudan lanarekin bateragarria zela ikusita, gradu hau ikasten hastea aukeratu nuen.

Datorren astean, Zestoako Herri ikastolan hasiko dut nire praktikaldia. Urduri eta aldi berean gogotsu nago esperientzia berri hau bizitzeko, garai batean nik haurraren paperetik bizi izan nuena irakaslearen paperetik probatzeko. Nik, herri txiki batekoa izanik, lehen hezkuntzako garian bizi izan nituen urteak oso bereziak izan ziren, familia txiki  bat baitzen urteen poderioz osatu genuena. Hau horrela, Zestoako ikastolan ere antzeko sentsazio bat topatzea espero dut.

Praktikaldiko aste hauei esker, ikasirikoa praktikan jartzeaz gain, irakasle bezala nola sentitzen naizen eta nirekin bat ote datorren ikustea da nire helburua.