domingo, 17 de noviembre de 2019

NIRE ESPERIENTZIA

Kaixo denoi!

Lehenengo aurkezpeneko sarreran aipatu nuen bezala, lana eta ikasketak batera egiten ari naiz, eta, praktikaldiaren egutegia ere aldatuta daukat, hau dela eta, astean hiru egunetan joaten naiz Zestoako eskolara praktiketan, beraz, oraindik ez dut praktikaldia amaitu. Hala ere, bost aste hauetan bizi izan dudana kontuan izanda nire esperientziari buruzko idatzi hau egitea pentsatu dut.

Zestoako eskolan igaro ditudan aste hauetan, etxean bezala sentitu naizela esan beharra daukat, bai irakasleen aldetik bai ikasleen aldetik ere. Nahiz eta hasieran, normala den bezala, ikasleekin nuen erlazioa hotzagoa izan, egunak igaro ahala gero eta konfiantza handiagoa izatea lortu dut eta ikasgelan askoz erosoago sentitzen naiz.

Tutoreak eta irakasleek ere esku zabalik hartu naute. Hasiera hasieratik eskolako metodologia azaldu eta gelako dinamika nolakoa den azaldu zidaten. Hau horrela, tutorearekin hitz egin ondoren, ikasgelako dinamika ahalik eta ongien ikusi ahal izateko, txoko bakoitzean 5 bat egun egitea erabaki genuen. Horrela, txoko bakoitzean egiten dena hobeto ikusteko aukera izan dut eta horrez gain, ni nagoen txokoko haurrekin konfiantza gehiago izatea lortu dut. Gainera, tutoreak txokoko ikasleek dituzten zalantza txikietan laguntzeko aukera eskaini zidan. Hau horrela, ikasleek irakaslearen laguntzaile bat bezala hartzen naute, beraz, irakaslea lanpetuta egonez gero dituzten zalantzak niri ere gero eta gehiago galdetzen dizkidate eta ikasgelaren parte sentitzen naiz.

Zuzendaritzaren aldetik ere, erlazioa gertukoa izan da. Lehenengo momentutik eskeini zidaten beraien laguntza, eta unibertsitateko lanen baterako edo neure inetereserako, eskolako proiekturen bati edo beste edozein gairi buruzko informazioa behar izanez gero, guzti hori eskuratzeko ere erraztasun guztiak eskaini dizkidate.

Eskolan pasa ditudan momentu gehienak onak izan badira ere, normala den bezala, momentu ez hain onak ere tokatu zaizkit. Egoera hauetan ere ordea, irakaslearen eta ikasleen erreakzioak behatuz eta jokabideak ikusiz asko ikasteko aukera izan dut. Honez gain, ikasgelan behatutako hainbat gai, sortutako kezka, galdera eta ikasleen inguruan tutorearekin hitz egiteko aukera ere izan dut, eta esan beharra daukat momentu guztietan erantzuteko, zalantzak argitzeko eta laguntzeko prest agertu dela.

Praktikaldi honetan asko ikasten ari banaiz ere, urteak lanean daramatzan irakasleak ere egunero gauza berriak ikasten jarraitzen duela konturatu naiz, beraz, ikasteko gogoz eta grinez jarraitzen dut.

Esperientzia oso ona izaten ari da lehenengo praktikaldikoa, baina hau, ezinezkoa izango litzateke ikasle eta irakasleen laguntzarik gabe, beraz, Zestoako eskolari eskerrak eman beharrean nago. Hala ere, oraindik praktikak amaitzeko beste aste batzuk geratzen zaizkidanez, azken aste hauek topera aprobetxatzen jarraituko dut praktika hauei ahalik eta zuku handiena atera ahal izateko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario