martes, 12 de noviembre de 2019

PROIEKTUAK

Kaixo denoi!

Igaro da praktiketako laugarren astea, eta prakikaldia egiten ari naizen eskolako proiektuak ikusi eta ezagutzeko nahiko denbora igaro dela esan dezaket. Zestoako eskola, hainbat proiektutan sartuta dago, haien artean interesgarrienak iruditu zaizkidanak aipatuko ditut.

Alde batetik, berdintasunaren gaiarekin lotuta, hezkidetza proiektuan dago sartuta eskola. Esate baterako, ikasgeletan erabiltzen den material guztia, hala nola irakurgaiak, bidioak, kantuak, liburuak... ikasgeletan erabiltzerako aztertu egiten dira genero aldetik desberdintasunik ez dutela baieztatzeko. Materialek hau betetzen ez badute, ez dira ikasleen eskuetara heltzen. Horrela, ikasleek lantzen dituzten arlo guztietako materialetan berdintasuna egotea bermatzen da. 

Bestalde, irakurketa proiektu bat ere badute. Hau dela eta, haur guztiek irakurketarako ikasgai zehatz bat dute. Bertan, hainbat irakurgai ezberdin irakurri eta testuari buruzko galdera batzuk erantzuten dituzte testuan irakurririkoa lantzeko eta ulertzen laguntzeko. Irakurtzerako garaian ordea, metodo ezberdinak erabiltzen dituzte. Altuan irakurri behar dutenean, batzuetan irakasleak irakurtzen die testua eta ikasleek jarraitu egiten dute, beste batzuetan ordea, haurrak dira ipuina irakurtzen dutenak irakasleak esaten dienean txandatuz. Tarteka euren kasa ere, bakarka, irakurtzen dute ,bakoitzak bere erritmora. Beste batzuetan berriz, binaka edo talde txikitan jarri eta taldekoen artean paragrafoka edo puntuka irakurgaia zatituz altuan irakurtzen dute. Bitarte horretan, irakaslea haur bakoitzaren irakur eta ulermen gaitasunak ezagutzen joaten da, horrela, norbaitek laguntza handiagoa behar izanez gero, jakinaren gainean jarri eta laguntza eman ahal izateko. Ikasgai hau euskaraz egin ohi da, baina gaztelerako klaseetan irakurgaiak lantzerako garaian ere, metodo hau erabiltzen dute irakasleek.

Azkenik, Zestoako eskolak, San Joan egoitzarekin duen proiektuaz hitz egin nahiko nuke. Oso proiektu berezia eta interesgarria iruditu zait hau, izan ere, haurrek egunerokotasuneko lanak ezagutu eta ikasteaz gain, gainontzekoei laguntza ematen ikasten dute proiektu honen bidez.

Esan didatenez, lehen, ikasturteko egun jakin batzuetan soilik joaten ziren haurrak San Joan egoitzara (gabonetan, eskolako festa egunean...). Lehengo ikasturte amaieran ordea, beste froga bat egin zuten eta izan zuen emaitza positiboa ikusita, aurten ikasturte hasieratik martxan jartzeko erabakia hartu zuten.

Egunero, eskolako haur talde bat joaten da San Joan egoitzara bertan hainbat lan burutzera. 11:15etan irteten dira klasetik eta 12:15erako eskolan egoten dira bueltan. Eskolako dinamika ez apurtzeko, ikasgela bakoitzetik astero ikasle ezberdin bat joaten da. Horrela, ikasle guztiak txandaka joateaz gain, ez dute jarraian klase kopuru handirik galtzen eta berriro berehala hartzen dute gelakideen martxa. Bertara joaten direnean, ikasgelan bezala txoko ezberdinetan aritzen dira lanean, sukaldaritza txokoan, garbiketa txokoan... Txoko bakoitzean dagozkien lanak egiten dituzte, adibidez haurrek kontatu didatenez, garbiketa txokoan arropak tolestu, pilatu, banatu eta jasotzen laguntzen diete.

Lehen aipatu dudan bezala, proiektu hau haurrentzat oso aberasgarria iruditzen zait izan ere besteei laguntzeak duen balioa eta garrantzia ezagutzen dituzte. Hau horrela, ikasgelan ere elkarri laguntzearen garrantzia hobeto ulertzen dute. Honez gain, adinean aurrera doazen heinean ere, errazago eskeiniko diote laguntza beharrean ikusten dutenei.

No hay comentarios:

Publicar un comentario