martes, 22 de octubre de 2019

Hezkuntza Komunitatea


Kaixo!!

Jada igaro da praktiketako lehenengo astea eta hasiera oso gustora eman diodala esan beharra daukat. Bigarren zikloko gela batean ari naiz praktiketan 3. eta 4. mailako haurrekin. Goizeko 9:00etan sartzen dira ikastolara eta 12:30etan amaitzen dira klaseak bazkaltzera joateko, tarte horretan 30 minutuko jolas denbora (10:30-11:00) izaten dute atseden hartzeko. Arratsaldean berriz, 14:30etatik 16:30etara etortzen dira ikastolara. 

Zestoako ikastolan klaseak zikloka banatuta daude. Bigarren zikloan, 3. eta 4. mailetako haurrez osatutako lau talde daude eta talde hauek koloreen arabera bereizten dira, horia, gorria, urdina eta berdea. Niri tokatu zaidan taldea, horia da eta 17 ikasle daude, 3.mailako 9 eta 4. mailako 8.

Ikasgela  bakoitza, ikasgai jakin baterako erabiltzen da, beraz, haurrak duten ikasgaiaren arabera gelaz aldatzen joaten dira. Gela bakoitzean txoko ezberdinak dituzte, eta klasea hasi orduko ikasle bakoitza dagokion txokoan esertzen da. Gai bakoitzean talde ezberdinak dira, hori bai, bi mailak nahastutako taldeak, horrela, zailtasunak dituztenean irakaslearengana jo aurretik elkarren artean laguntzen saiatzen dira. Denbora jakin bat igaro ostean, txokoz aldatzen dira, hórrela ikasturtean zehar ikasgaiko atal guztiak jorratzen dituzte.

Honez gain, astean bi arduradun izendatzen dituzte gela bakoitzean. Hauetako bat, gelako materialaren arduraduna da eta egunero materiala taldekideei banatu (arkatza, borragoma, boligrafoak…) eta jasotzeaz arduratzen da. Bestea berriz, dataren arduraduna da eta egunero lehenengo ikasgaiko gelako arbelean data idatzi eta ikaslgelara etorri ez diren ikaskideak zein diren apuntatu behar du.

Modu honetara, momentuoro ikasleak dira protagonistak eta arduratsuak izatea, taldean lan egitea, elkarri laguntzea eta errespetatzea bezalako baloreak ikasten dituzte. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario