Kaixo!
Praktikaldiaren erdia baino gehiago pasa zaigu konturatu gabe eta egunero gauza berriak ikasten ari naizela iruditzen zait. Ikastetxeko ikasketa-prozedurak behatzeko nahikoa izan nuen lehenengo egunean ikasgelara sartu eta ikustea nik ikasi nuen metodoarekin antzik ez zuela.
Ikastetxe honetan Amara Berri sistema dute, beraz ez dute libururik. Metodologia honetan txokoetan egiten dute lana, beraz, ikasleak talde txikitan esertzen dira. Ikasgelan 16 haur ditut eta gai bakoitzean 3 edo 4 txokotan banatzen dira, bakoitzean atal ezberdin bat landuz (adibidez, matematikako txokoak hauek dira: neurri tailerra, diseinutegia, problemak eta kontularitza, guztiak jolas txokoarekin txandakatuz).
Esan bezala libururik ez dute beraz, klasera heldu orduko ikasle bakoitza bere txokoan esertzen da eta egin behar duen lanari ekiten dio. Bakoitzak bere koadernoa du eta txoko bakoitzerako karpeta bat dute ariketa guztiekin. Bertako ariketa bat hartu eta lan metodoa jarraituz ariketa egiten dute, zuzentzen dute eta ondoren irakasleak zuzentzen die. Lan metodoa ikasleek jarraitu beharreko pausoak dira, adibidez:
1- Irakurri ariketa eta ez baduzu ulertu, jarraitu irakurtzen ulertu arte.
2- Pentsatu nori idatzi nahi diozun gutuna.
3- Pentsatu zer den esan nahi diozuna.
4- Idatzi ezazu gutuna.
5- Zuzendu ezazu puntu hauek jarraituz...
6- Irakaslearekin zuzendu.
7- Garbira pasatu.
Beraz, honek ikasleak modu autonomo batean lanean aritzea sustatzen du, klasera heltzen direnean beraien lana zein den badakitelako eta, lan bakoitza amaitzen dutenean, kontrol orrian apuntatuko dute zein den egin duten lana. Beste sarrera batean esan bezala, 3. eta 4. mailako ikasleak nahasturik daude ikasgeletan, zikloetan banatzen direlako. Txokoetan maila bakoitzeko 2 egoten dira gutxigorabehera, eta horrela beraien artean laguntzea lortzen dute. Normalean laugarren mailakoek ariketa hauek eginak izango dituzte eta horrela hirugarrengokoei lagunduko diete gauza berriak ikasten, bientzat aberasgarria izango den berdinen arteko ikasketa emanez. Denbora bat pasa ondoren talde bakoitza txokoz aldatzen da, ez da arlo guztietan berdina izaten, bakoitzean denbora kantitate ezberdina behar baitute ondo lantzeko.
Baliabide didaktikoei dagokienez, ikasgela guztietan arbela, arbel digitala, tabletak eta ordenagailuak dituzte. Hauei erabilpena ordea ez da hain handia, batez ere arbel digitala ia ez dutelako erabiltzen, ingelesean erabiltzen ikusi dut baina oso gutxi. Aldiz arbel normala, erabiltzen dute, bai irakasle eta bai ikasleek, noizbehinka azalpenen bat emateko edota aurkezpenen bat egiteko erabiltzen dituzte. Txoko askotan ordenagailuarekin egin beharreko lanen bat egoten da, horrela IKT-en erabilpena sustatzeko asmoz, baina nahiz eta tabletak egon, ez ditut ikusi hauek erabiltzen.
Ikaskuntza tradizionalean ez bezala, talde bakoitzak ikasgela bat izan beharrean, gelak arlozka doaz, beraz ikasleak dira gelaz gela mugitzen doazenak. Gehienak korridore berdinean dituzte beraz ez dute ikastetxean gora eta behera ibili behar. Berriro ere konparazio bat eginez, irakaslea ez da ia inoiz ikasgela guztiaren aurrean jartzen klasea emateko, gidari lanetan aritzen baita. Ikasleek eskua altxatzen dutenean hau laguntzera joaten da banan- banan azalpenak ematen, txoko guztietatik pasatuz. Honekin lehen esan dudan autonomia hori ikus dezakegu, ikasle bakoitzak behar duenean eskatzen diolako laguntza irakasleari. Baina honekin arazo bat ikusten dut, nahiz eta oso ondo planteatuta ikusten dudan ikasleek lana beraien kabuz egitea eta beraien artean laguntzea, askotan, ezer egiteko gogorik ez dutenek ez dute egingo eta atzean geratuko dira. Egia da metodologia honekin guztiak ez doazela erritmo berdinean eta ez zait beharrezkoa iruditzen, baina batzuk ez dute nahi aurrera joan eta ataskaturik gelditzen dira. Honetarako, matematikan esate baterako, errefortzu klaseak deiturikoak izaten dituzte, astean behin ikasten ari direna errepasatzen dute bai irakaslearekin, edo bai beraien kabuz. Hau modu batera edo bestera izan daiteke atasko horri aurre egiten laguntzen diona.
Ohiko gaiez gain, harritu nauten bi ikusi ditut, alde batetik NIA eta bestetik irakurketa. NIA, balore sozialak da, eta bertan beraien autoestimoa eta errespetua lantzen dituzte. Oso gai interesgarria iruditu zait eta ni lehen hezkuntzan nengoenean horrelakorik ez genuen eta agian faltan bota nuen. Irakurketa gaian, izenak esan bezala irakurri egiten dute, ez dut denbora askorik izan hau ikusteko baina gai garrantzitsua dela ikusten dut.
Bestalde, ikasgaiak alde batera utziz, astean bi alditan irratia izaten dute (3. ziklokoek egiten dute zatirik handiena) entzumena lantzeko. Hau entzun eta albisteak zein diren idatzi behar dute, irakasleak arbelean laguntzen dien bitartean. Aldizkari bat era badute, (hau ere 3. ziklokoek egina) Gaztegiro izenekoa, jolas ezberdinak eta albisteren bat agertuz.
Guztia laburbilduz esan dezaket metodologia hau asko gustatzen zaidala, ikasle bakoitzak asko pentsatu behar duelako eta ez diotelako guztia eginda ematen. Txokoetan esertzearen alde on ugari argi ikusten dira, batez ere beraien artean laguntzea eta autonomia. Nahiz eta alde txarren bat izan dezaken, pertsonalki ongi funtzionatzen duela esan dezaket eta neuk ikasi nuen modua baino askoz aurreratuagoa da. Nola hobetu pentsatzen jarriz gero, ez nuke jakingo zer aldatu edo nola aldatu, zerbait emateko beste zerbait kendu beharko niolako eta egia esan, orekan ikusten dut metodologia hau.
Hemen lan metodo baten argazkia:


No hay comentarios:
Publicar un comentario