jueves, 14 de noviembre de 2019

Hezkuntza Komunitatea

Kaixo!

Nahiz eta egun gehienetan arratsaldez bakarrik joaten naizen praktiketara, jada badaramatzat hainbat aste gauza asko ikusi eta ikasteko lagundu dizkidatenak. Soraluzeko eskolako 3. mailan hiru talde daude eta ni horietako batekin ari naiz praktika aldi hau aurrera eramaten. Esan beharra daukat esperientzia oso aberasgarria izaten ari dela eta asko disfrutatzen eta, batez ere, ikasten ari naizela.

Eskola honetan, umeak goizeko 9etan sartzen dira eta eguerdiko 12:30etan atera, geroago berriro ere 14:30etan sartu eta 16:30etan ateratzeko. Goizean, 9ak eta 12:30 artean, ordu erdiko jolasordua edukitzen dute 11etatik 11:30 arte. 12:30etan ikasle batzuk ikastetxeko jangelan geratzendira bazkaltzen eta beste guztiak beraien etxeetara joaten dira.

Aurretik esan bezala, 3. mailako talde batekin egoten naiz. Talde hau, 10 mutilek eta 9 neskak osatzen dute, hau da, 19 ikaslek. Gelan bosteko eta lauko taldeetan egoten dira eserita (gorria, urdina, horia eta berdea), horrela, lanak taldean egiteko eta ikasleak beraien artean laguntzeko. Talde bakoitzean astero aldatzen den arduradun bat egoten da, eta honen lana estutxeak, koadernoak... apaletatik mahaira edo mahaitik apaletara eramatea da, eta beharrezkoa izanez gero, taldekide guztien lanak irakasleari eramatea.

Bestalde, gelan urez betetako pitxer bat egoten da eta ikasle bakoitzak bere edalontzia du pitxer alboan. Pitxerra eta edalontziak ikasle batek egarria duenean bere lekutik altsatzeko eta bakoitzaren edalontzian ura edateko daude. Hori bai, debekatuta dute bi ikasle edo gehiago ura edaten batera egotea.

Gorputz Hezkuntza eta musika kenduta asignatura guztiak gela berdinean ematen dituzte, hala ere, noizbehinka liburutegira edota informatika gelara joaten dira jarduera ezberdinak egitera. Aurretik aipatutatko bi asignaturak eta ingelesa beti dituzte egun eta ordu berdinetan, baina gainontzeko asignaturak lantzeko ez dute ordutegi zehatzik, hau da, irakasleak erabakitzen du zein momentutan landu matematika edota euskara, adibidez.

Azkenik, ikastetxe honetan proiektuka egiten da lan. Hau da, hiruhileko bakoitzean, ikasleek beraien gustoko gai bat aukeratzen dute, adibidez sukaldaritza, eta hiruhileko horretan egiten dituzten lan edo ariketa gehienak, sukaldaritzaren inguruan izaten dira. Gainera, ikasleek etxetik eraman ditzakete gai horrekin zerikusia duten gauzak (liburuak, tresnak...) ikaskideen aurrean erakusteko eta aste batez edo, ikasgelan uzten dituzte beraien lagunek ikusi ahal izateko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario