lunes, 21 de octubre de 2019

Hezkuntza Komunitatea

Kaixo!

Jada igaro da praktikaldietako lehenengo astea eta esan beharra daukat aste bikaina izan dela. 

Aste honetan zehar ohartu naiz urteek aurrera egin  arren, eskolaren sistemak bere horretan jarraitzen duela, Amara Berri deituriko sistemarekin hain zuzen. Ordutegiari dagokionez, goizean 9:00 etan hasten dira klaseak, 10:30etatik-11:00 ak arte, etenaldi bat egiten da eta ondoren, 11:00tatik 12:30ak arte klasera itzultzen dira berriz. Bazkalordua 12:30tatik-14:30 ak arte izaten da eta ondoren 14:30 tatik 16:30 ak arte klaseak izaten dira. Ondoren ia haur guztiak eskolaz kanpoko ekintzez beteak dituzte arratsaldeak.




Eskolaren banaketari dagokionez, 3 ziklo bereizten dira eta ziklo bakoitzean bi maila nahasian daude. Niri 2.zikloa egokitu zait eta bertan 3. eta 4. mailakoekin dihardut lanean. Taldeak kolorezka daude banatuta eta nire taldearen kolorea urdina da. Gela bakoitza irakasgai bat da eta beraz, haurrak tokatzen zaien irakasgaiaren arabera, gela batetik bestera mugitzen dira. Gela guztiak itxuraz berdinak dira, txokoetan antolatuta daude eta apalak, karpetak, eta gainontzeko material guztien kokapena berdina da. Gela batetik bestera dagoen ezberdintasun bakarra edukia dela esan daiteke. Horrek, haurrak autonomoagoak izatea dakar, izan ere, txikitatik ikasten dute beharrezko materialaren kokapena eta horrek lehen hezkuntza guztirako balioko die. Horri esker, irakaslea berandu iritsi arren, haurrek badakite zein txokotan tokatzen zaien eta non dagoen txoko horretan burutu behar duituzten zereginen gida, beraz, klasera sartu orduko lanean hasteko joera dute. 

Aurretik aipatu bezala, gelak txokotan banatuta daude eta txoko bakoitzean zeregin ezberdinak daude, beraz, denbora-tarte bat igaro ostean, txoko-aldaketa burutzen da, ikasle guztiek txoko guztietatik igarotzeko aukera izan dezaten. Aipatzekoa da, adin ezberdinetako haurrak nahasian daudela txokoetan, nire kasuan 3. eta 4.mailakoak. 4. mailakoen ardura da neurri batean 3.mailakoei laguntzea, esperientzia gehiago baitute, baina zailtasunen bat badago, irakaslea beti dago hor laguntzeko prest. Aste honetan txoko ezberdinetatik igaro naiz eta haurrek sormena izugarri lantzen dutela ohartu naiz. Uneoro haien ideiak hartzen dira kontutan, gauza berriak sortzeko eskatzen zaie, ipuinak, olerkiak, denbora-pasak... eta horrela irakasgaia lantzeaz gain beste hainbat alderdi garatzen dituzte. 

Esan beharra daukat irakasgai berezi batzuk ere lantzen direla, esaterako irratia. Astelehen eta ostiraletan irrati saio bat ematen da (horretarako gela bat dago prestatuta), tokatzen zaien haurrek, albisteen, eguraldiaren eta jangelan emango den menuaren berri ematen dute eta gainontzekoak berriz, ikasgelan irratia piztuta dutelarik, entzuten duten guztia orri batean idazteaz arduratzen dira. 

Amaitzeko, esan dezaket teorian ikasi duguna praktikara daraman eskola baten aurrean aurkitzen naizela eta sistema oso ona iruditzen zaidala, ikasleak oso eroso, gustura eta aldi berean arduratsu ikusten baititut. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario