Kaixo!
Burutu dut lehenengo astea Karmelo Etxegarai ikastolan. Oso gustura aritu naiz, izan ere, pila bat ikasten ari naiz eta gainera, umeekin azkar pasatzen zaizkit orduak.
Umeak goizko 9tan sartzen dira ikastolara eta 11:00tatik 11:30ak arte jolasordua izaten dute. Bazkaltzera 12:30eta joaten dira. Batzuek etxean jaten dute eta besteak, berriz, ikastolako jangelan gelditzen dira bazkaltzen. Arratsaldez 15:00 sartzen dira eta 17:00etan ateratzen dira.
Niri bost eta seigarren mailako ikasleekin egotea egokitu zait, hau da, hirugarren ziklokoekin. Ikasgela bakoitzean bi maila hauetako ikasleak nahastuta daude. Ondorioz, gehienetan, seigarren mailakoek bosgarrengokoei lagundu behar izaten diete, izan ere, klase bakoitza taldeka antolatua dute. Dudaren bat izanez gero eta taldekoek irtenbiderik ez badiote aurkitzen, tutorearengana jotzen dute laguntza eske. Horrez gain, azpimarratu nahi dut talde bakoitzak izen bereziak dituztela, esaterako nire ikasle taldeak Arga du izena. Hirugarren zikloko klase guztiek ibaien izenak dituzte.
Ikasleek egokitzen zaien arloaren arabera ikasgelaz aldatu behar izaten dute. Arlo bakoitzari izen berezi bat jarri diote, adibidez: gaztelaniari abracadabra deitzen diote, matematikari abakoa, gizarte zientziei pangea, natur zientziei sapiens... Ikasgela bakoitzaren kanpoan klase barruan emango den arloaren izena dute eta horren bidez orientatzen dira umeak.
Ikasgela bakoitza txoko desberdinetan banatuta dute eta ikasleak klase hasieran beraiei dagokien txokoan esertzen dira. Txoko guztiak pasatzen dituztenean eta txoko guztietako zereginak betetzen dituztenean irakasleak lan berriak jartzen dizkie. Honen bidez klase dinamikoak egiten dituzte eta umeak dira protagonista.
No hay comentarios:
Publicar un comentario