lunes, 28 de octubre de 2019

ANIZTASUNA

Bigarren asteari dagokionez, aniztasunari buruz mintzatuko gara. Gaur egun asko entzuten den hitz bat izanik, gure eskolan ere, aniztasun anitza nabari da. 

Nire gelari dagokionez, ikasle mutilen eta nesken kopurua oso antzekoa da, eta 48 ikasle horietatik 4 atzerritarrak (mutil bat eta hiru neska). Laurek denbora ezberdina daramate hemen eta euskararekin zailtasun batzuk dituzten arren, ondo moldatzen dira gainerako ikasleek ere laguntzen dietelako. Zailtasun batzuk dituztela aipatu dudan arren, ulermen maila nahiko altua dute eta oso ondo integratzen dira bertan, hori dela eta, ez dute aparteko laguntzarik jasotzen eta ordu guztiak gainontzeko ikaskideekin batera egiten dituzte.

Beste ikasle batek berriz, premia bereziak ditu autismoa duelako eta ikasle honek hainbat laguntza jasotzen ditu. Autismoa duen arren, oso autonomoa da eta ez du arazorik ikaskideekin harremantzerako orduan. Hala ere, ordu batzuetan, auxiliarra sartzen da gelan berari laguntzeko eta  beste batzuetan, logopeda etortzen da edota berarekin gelatik kanpo egoten da. Hauez gain, astean beste ordu bat izaten du igerilekura joaten dena baina hauek kenduta beste guztia ikaskideekin gelan egoten da eta eginbehar berak egiten ditu.

Nire gela LH1eko izanik, ikasle bakoitzaren gaitasunak nabarmentzen dira, gehienbat idazterako eta irakaurtzerako garaian. Batzuk erraz moldatzen diren bitartean, beste batzuk oraindik zailtasunak dituzten hizkiak identifikatzerako orduan, beraz, laguntza gehiago behar dute, hala ere, guztiek gero eta interes handiagoa erakusten dute hizkiekin lan egiterako orduan.
Jolasak aukeratzerako orduan ere ezberdintasunak nabarmentzen dira, izan ere, batzuek nahiago izaten dituzte oso mugikorrak diren jolasak (futbola, saski baloia, korrika...) eta beste batzuk berriz, euren artean kontuak esan edota mahai jolasetan ibili (xakea, partxisa...).



No hay comentarios:

Publicar un comentario