martes, 29 de octubre de 2019

ANIZTASUNA

Kaixo!

Burutu dut praktiketako bigarren astea eta oso gustura nabilela esan beharra daukat. Ikasgela batean sartu arte ez zara ohartzen irakaskuntzak atzetik duen benetako lanaz, ezta ikasgela batean dagoen aniztasunaz ere. Hain zuzen ere, sarrera honetan horri buruz hitz egitea egokitu zaigu, hau da, aniztasunari buruz.

Lehendabizi esan behar dut praktika hauetan ikasle talde bat baino gehiago ezagutzeko aukera izan dudala eta talde batetik bestera izugarrizko desberdintasuna dagoela. Izan ere, talde batzuetan klaseak ematea askoz errazagoa da beste batzuetan baino, beraien jarrera dela medio. Horrez gain, esan beharra dut nire praktiketako ikastolako klaseak mistoak direnez, neska eta mutilez daudela osatuta. Gainera, talde bakoitzean adin desberditenako umeak daude, hau da, ziklozka daude antolatuak taldeak.

Hori argi geldituta, talde batean dagoen aniztasunean zentratu nahiko nuke. Hasiera batean aniztasun hitza aipatzean neska eta mutilen arteko desberdintasunak, kultura desberdinak, maila sozioekonomiko desberdindun familiak... etortzen zitzaizkidan burura. Orain ordea uste dut hori guztia garrantzitsua den arren, ikasle bakoitza desberdina dela eta ezin dela ikasgela bateko aniztasuna ezaugarri batzuekin deskribatu.

Esaterako, nire ikasgelan badago neskato nahiko berezi bat. Edo hala da niretzat behintzat. Dirudienez oso haurtzaro zaila pasa zuen beste herrialde batean. Ez dakit zein den herrialde hori baina nire ondorioen arabera, herrialde azpigaratu bat da. Oso zaila da berarentzat ikasgelan egon beharreko orduetan aulkian eserita eta isilik egotea eta gainera etengabe atentzioa lortu nahian ibiltzen da. Hori guztia horrela izanda ere, ume maitagarria dela esan beharra dut, izan ere, tutoreari besarkada mordo bat ematen dizkio eta batzuetan niri ere bai. Gainera, marrazki pilo bat egin dizkit eta nire altxortxoak izango balira bezala gordetzea erabaki dut.

Bestalde, ez nuke inongo arazorik gabeko ikasleak aipatu gabe gelditu nahi. Ikasleen gehiengoak ez du laguntza handirik behar izaten klaseak jarraitzeko eta lanak egiteko. Hala ere, badaude zailtasunak dituztenak ere eta horientzako zenbait klasetan laguntzako beste irakasle bat sartzen da. Hori gutxi ez, eta ikasle bakoitzak gustu eta zaletasun desberdinak dituzte eta ekintzak egiteko garaian kontutan hartu beharreko faktore bat dela esango nuke.

Hau guztia esanda, aipatu nahiko nuke aniztasuna aberasgarria dela ikasgela batean. Izan ere, gizartean dagoen aniztasuna ikusteko modu bat dela esango nuke. Gainera, nahiz eta elkarren artean desberdinak izan, nik uste dut neurri batean, ikasgela barruan eta zenbait jarduera burutzako garaian zenbait desberdintasun ahaztu egiten direla.

No hay comentarios:

Publicar un comentario